Ruben Castillejo urpekari gasteiztarra, 'Time' aldizkariaren azalean

'Time' aldizkariak aukeratutako argazkia. ALVARO HERRERO

Alvaro Herrerok Mexikoko Tulum inguruko urpeko kobazulo batean ateratako argazkiak ekosistema naturalen hauskortasunaz kontzientziatu nahi du.

Time aldizkariak urteko bere 100 argazki onenak biltzen dituen alearen azalean Ruben Castillejo urpekari gasteiztarrari ateratako argazkia argitaratu du, Alvaro Herrero argazkilari madrildarrak egindako lana. Irudi honetan, Castillejo Mexikoko Tulum inguruko urpeko kobazulo batean agertzen da, kareharrizko formazio zurien artean.

Argazkia abuztuaren 5ean lortu zuten, hiru ordu eta erdiko urperaketa konplexu baten ondoren: taldeak aire-birziklatzaileak (rebreathers) eta urpeko propultsatzaileak (scooters) erabili zituen bertaraino iristeko, eta Danny Marsh argiztapen laguntzaileak inguruko formazioak argiztatu zituen Herrerok klik egin bitartean.

Castillejo ezaguna da Gasteizen, besteak beste, Guerrilla Sukaldea taldearekin egindako lanagatik. Zortzi urte daramatza bere jarduera gastronomiko eta artistikoa kobazuloetako urpekaritza teknikoarekin uztartzen. Neguan eta udaberrian Tulumen bizi da, eta Guerrilla Cave Diving operazio propioarekin urpekaritza saioak gidatzen ditu Yucataneko sekzio honetan. 2018tik munduko hainbat meategi eta kobazulotan murgildu da: Frantzian, Eslovenian, Hungarian, Bosnian, Finlandian, Serbian edo Kuban, besteak beste.

Gasteiztarrak azaldu du argazkia partekatzearen helburua aitorpen pertsonaletik harago doala. Ekosistema naturalen hauskortasuna agerian uztea eta ingurumena zaintzearen garrantziaz kontzientziatzea da bere eta Alvaro Herreroren helburua, "paradisu hauek babestuta jarrai dezaten".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago