Biocomposti buruzko salaketa anonimoak zabaldu ditu Ekologistak Martxanek

Biocompost plantaren satelite bidezko irudia, Google Earth aplikazioan. ALPHABET

Hondakin organikoak tratatzen dituen udal instalazioetan "hondakinen pilaketa garrantzitsua" eta "segurtasun baldintzetan balizko gabeziak" salatu dituzte.

Gasteizko Udalarentzat hondakin organikoak tratatzen dituen Biocompost plantan dagoen "egoera kezkagarriaz" ohartarazi du gaur Ekologistak Martxan erakundeak. Ekologistek diote jaso dituzten informazio eta argazkiek "instalazioen balizko kolapso egoera bat" adierazten dutela, "hondakinen pilaketa handiekin, aireztapen eta aire erauzketa sistemetako gabeziekin, eta langileen segurtasuna eta osasuna arriskuan jar lezaketen lan baldintzekin". Argudiatu dute Jaurlaritzak iazko azaroan egin zuen azken ingurumen ikuskapenean betetze ertain-baxua adierazten dela, eta 2023ko ikuskapenean ere betetze baxua atzeman zutela ikuskatzaileek.

Iturri anonimo batek helarazi dien informazioaren arabera, "harrera putzuak erabat beteta" egongo lirateke, "hondakinak nabeen zoruan zuzenean deskargatzera behartuz". Are, hondakin guztiak tratatu ezin eta horien zati bat kontainerretan plantatik ateratzen dituztela dio Ekologistak Martxanek, horien balizko helmuga zehaztu ez badute ere. Modu berean, aireztapenean "iraupen luzeko matxurez" ohartarazi dute, bai eta "lurrunen eta kondentsazioen pilaketaz" ere.

Andres Illana erakundeko bozeramaileak bidalitako oharrak balekotzat jo du salaketa anonimoa, baina ez du bere gain hartu hedabideei zabaldu dizkien argazkien ardura, horien egiletza edo beren inguruko inguruabarrik "egiaztatu" ezin dutela esanez. Hori beharrean, hedabideei ohartarazi die argazkiak zabaldu ditzaketela "beren erantzunkizunpean". Ekologistak Martxan erakundearen webgunean ere ez dituzte argazkiak zabaldu, informazio hau idazteko unean bederen.

Oharrean, Ekologistak Martxanek Gasteizko Udalari "azalpen publikoak" eskatu dizkio, Eusko Jaurlaritzari premiazko ikuskapen "sakona" egiteko eskatu dio, eta Lan Ikuskaritzari langileen lan baldintzak eta arriskuak ebaluatzeko galdegin dio.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago