Banax Arabacoa Zetaken ikuskizun berria urtarrilaren 16an, 22an eta 23an izango da ikusgai Buesa Arenan. "Arabako istorio bat arabarrentzat", hala azaldu dute Arkabian egindako aurkezpenean. Arabako zortzi fikziozko istorio bilduko dituzte oholtzan, Arabako antzezle eta sortzaile gazteen eskutik, Zetakekin batera.
"Zer jaso duzu aurrekoengandik, eta zer utzi nahi diezu ondorengoei?", galdera horiek ardaztuko dituzte istoriook. Bolatokiari erabilera berria eman nahi dion gaztea, amonaren trasteekin musika egiten duena... iragana eta etorkizuna batzeko istorioak izango dira. Arabako idazle, zinemagile eta bestelako kulturgileekin elkarlanean ondu dute kontakizuna, eta lurraldeko antzezle ez-profesionalei lekua egingo diete ikuskizunean.
XVI. mendeko Joan Perez Lazarraga idazle larrearraren idatziak eman dio izenburua ikuskizunari, ni banax Arabacoa idatzi baitzuen hark duela bost mende. Karmele Jaio idazle gasteiztarraren laguntzaz idatzi du gidoia Pello Reparazek, eta Maider Oleaga zinemagilea eta Txabe Atxa antzerkilaria ere arituko dira ikuskizuna gorpuzten. Hala ere, Arabako artista gehiagok ere izango dute tokia bertan. Lehen antzezleak aukeratu dituzte jada, baina castingak aurrera darrai oraindik ere.
Ver esta publicación en Instagram
Buesako pista zabalik
Gaur jakinarazi dute Buesa Arenako pista irekitzea lortuko dutela, zenbait egokitzapen tekniko direla medio, eta "formatu berezi bat" prestatzen ari direla iragarri dute, "ikusleek ikuskizuna artistengandik metro gutxira bizi ahal izan dezaten". Pistara sartzeko, hori bai, hemezortzi urteak beteak izan beharko dira.
Dagoeneko harmailetarako sarrera hartua dutenek aukera izango dute pistara aldatzeko. Datozen egunetan zabalduko dute horretarako aukera. Sarrera erosia dutenek mezua jasoko duten beren posta elektronikoan, aukera eskainiz. Aldaketen epea amaituta, salgai jarriko dituzte gainerako sarrerak.