Gabonetako artisautza azoka aitortu dute Blas Arratibel sariek

Ignacio Aldekoa Kultura Etxean eman dituzte sariak. AFA

Azokaz gain, Unai Beltran eta Loli Cordero artisauak saritu dituzte aurtengo edizioan.

Lan ta Lan azokaren 30 urteko ibilbidea aitortu du Arabako Foru Aldundiak Blas Arratibel sarien bitartez. Azokak azken hiru hamarkadetan artisautzaren sustapenean, ikusgarritasunean eta merkaturatzean egindako lana nabarmendu dute, 2026ko Blas Arratibel Artisautza Lehiaketaren sari banaketan. Aitortza saria Monica Martin Artisau elkarteko lehendakariak jaso du. Azaldu duenez, azokak sektorearentzat "berebiziko garrantzia" du, Gabonen inguruko salmenta garaian erakusleiho nagusietako bat delako. "Gainera, bezeroekin zuzenean harremanak izateko parada izaten dugu, eta gure lana nolakoa den, materialen jatorria zein den eta pieza bakoitza nola egiten dugun hurbiletik azaltzeko ere bai", sakondu du.

Sariketari dagokionez, artisau izaera aitortua dutenentzako A modalitatean, Unai Beltran ebanistak eskuratu du saria Urki lanagatik. Haritzez eta intxaurrez egindako kulunka aulki bat da, metalezko mihiztadurarik gabe osatua. Epaimahaiak piezaren oreka, akabera eta egurrez egindako lanaren kalitatea goraipatu ditu. Saria 3.625 eurokoa izan da.

B modalitatean, artisau izaera ofizialik oraindik ez duten sortzaileentzat gordetako kategorian, Loli Cordero zeramikariak irabazi du Gaua izeneko lanarekin. Ontzi esmaltatu handi baten bidez, "gauaren sakontasunean" eta "misterioan" inspiratutako pieza sortu du. Epaimahaiak profesionaltasuna eta barrualdeko akaberaren kalitatea azpimarratu ditu. Kasu honetan, saria 1.625 eurokoa izan da.

Ignacio Aldecoa Kultura Etxean egin den ekitaldian Mar Daban Turismo foru diputatuak artisauen jardunaren garrantzia azpimarratu du. "Artisautza zaintzen dugunean, gure gizartea ere zaintzen dugu, gure nortasunari eusten diogu eta kalitatearen aldeko apustua egiten dugu", azaldu du. Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak Kultura Etxean ikusgai egongo dira abenduaren 7ra arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago