Eskola kirolean jarri dute aurten arreta

Bosgarrenez egin dute topaketa. AFA

Eskola kirolean euskararen erabilera indartzeko gakoak aztergai izan dituzte 'Euskara Marka eta Erronka Kirolean' topaketan.

Euskararen eta kirolaren arteko lotura sendotzea xede, bosgarren aldiz egin dute Euskara Marka eta Erronka Kirolean topaketa. Hitzorduaren helburu nagusia izan da euskarak kirolaren esparruan duen egoera aztertzea eta aurrera egiteko aukerak identifikatzea. Horretarako, federazioetako ordezkariak, klubetako kideak, kirol koordinatzaileak, entrenatzaileak, epaileak eta kirolariak elkartu dira, esperientziak eta hausnarketak partekatzeko. Jardunaldia Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta AFDA Arabako Kirol Federazioen Elkarteak antolatu dute, eta kirolaren arloan diharduten eragile ugari batu ditu.

Aurtengo edizioak eskola kirolean jarri du arreta berezia. Antolatzaileen esanetan, haurrek eta gazteek euskara ikasgelatik kanpo ere erabiltzeko aukera izatea funtsezkoa da hizkuntzaren erabilera naturala sustatzeko, eta kirola horretarako espazio "estrategikoa" da. Horrez gain, topaketaz baliatu dira Eskola Kirola, kirola baino askoz gehiago gida aurkezteko. Baliabide horren bidez, eskola kirolean euskararen erabilera sustatzeko irizpideak, gomendioak eta tresnak eskaintzen zaizkie sektoreko eragileei.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago