Patricia Lopez Arnaizek irabazi du aktore onenaren Besarkada saria

'Los Domingos' pelikulan egindako lana saritu dute. 'LOS DOMINGOS'

Euskal Aktoreen Batasunak Donostian ospatutako galan, Iñake Irastorza omendu dute Ohorezko Besarkada sariarekin.

Patricia Lopez Arnaizek irabazi du zinemako emakumezko aktore onenaren saria Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) antolatutako XXI. Besarkada sarietan, Los domingos filmean egindako lanagatik. Sari banaketa gala astelehenean egin dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Kepa Errastiren eta Hodei Arrastoaren zuzendaritzapean eta umorea ardatz. Lopez Arnaizek Miren Gaztañaga (Azken erromantikoak), Olaia Aguayo (Jone, batzuetan) eta Yune Nogueiras (Gaua) izan ditu lehiakide kategoria berean.

Zinemako sari nagusiaz gain, EABek antzerkiko, fikziozko telesailetako eta zinemako beste hainbat interpretazio aitortu ditu urteroko hitzordu bihurtu den edizio berri honetan. Ekitaldiko une hunkigarrienetako bat Iñake Irastorza aktore oriotarraren omenaldia izan da; elkarteak Ohorezko Besarkada saria eman dio bere ibilbide luzeagatik eta "lanbidearen alde egindako borrokagatik". Antzerkian zein zineman (Aupa Etxebeste!, 80 egunean, Gaua) egindako ekarpen zabala goraipatu nahi izan dute sari honen bitartez.

Fikziozko sailean Nagore Aranburuk (Querer) eta Arnatz Puertasek (Argi gorriak) eskuratu dituzte aktore onenaren sariak, zineman Jose Ramon Soroizek (Maspalomas) eta antzerkian Ainara Gurrutxagak (Itzulera) eta Kepa Errastik (Desobedienteak 18/98). Nerea Sanz eta Omar Somairentzat izan dira errebelazio sariak. 

Victoria Eugenia antzokian ospatu dituzte Besarkada sariak. EAB

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago