Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordetzak 2026-2027 aldian Euskal Kultura Ondarea babesteko ikerketa lanak diruz laguntzeko ebazpena argitaratu du. Guztira 200.000 euro bideratu dira onartutako hamalau ikerketa proiektuen artean, eta arreta berezia eskaini zaie Arabako kultur eta arkeologia ondareari zuzenean lotutako lau proiekturi.
Guztira, 59.760 euroko finantzaketa jaso dute lau lan hauek. Batetik, Gasteizko Zabalgunearen azterketa eta babesari buruz Veronica Andrea Benedetek gidatutako proiektuak 15.000 euroko laguntza jaso du hiriburuko zabalgunea dokumentatu, baloratu eta babesteko erregimena diseinatzeko
Halaber, Añanako Gatz Haraneko kultura materiala, mugikortasuna eta generoa aztertzeko, Cristina Camarero Arribasen ikerketak 14.760 euro izango ditu; eta Arabako Mendialdeko herri arkitektura aztertzeko 15.000 euro jaso ditu Eva Tortajada Montalvak, Arabako Mendialdeko kuadrillako etxeko arkitekturaren kontserbazio egoera eta babes irizpideak finkatzeko.
Azkenik, Añanako Kuadrillako erromatar galtzadak aztertzeko eta babesteko proposamenak garatzeko Felix Rafael Varon Hernandezek zuzendutako proiektuak beste 15.000,00 euro jasoko ditu.
Emandako laguntzak bi zaitan ordainduko dira: %50 2026an ebazpena bideratzean eta beste %50a 2027an, egindako gastuak egiaztatu ondoren. Babestutako proiektu guztiek 2026an hasi behar dute eta beranduenez 2027ko urriaren 30erako amaituta egon behar dute.