Araban da dagoeneko laubuztaneko herensugea

Tximeleta handia da, eta itxura tropikala du. ZERYNTHIA 

Espeziea urteko 20 kilometroko abiaduran zabaldu da iparralderantz, klima aldaketaren ondorioz.

Laubuztaneko herensugea (Charaxes jasius) tximeleta Arabara iritsi da, Zerynthia elkarteko adituek zientzia artikulu baten bitartez baieztatu dutenez. Azken urteetan Ebro haranean zehar gora egin du Mediterraneoan ohikoa den espeziea. Tximeleta Araban eta inguruko probintzietan ugaltzen ari dela egiaztatu dute Arquivos Entomolóxicos aldizkarian plazaratutako ikerketan.

Zientzialariek diotenez, "espezie ez inbaditzailea" da, eta tenperatura igoerak lagunduta iparralderantz zabaltzen ari da abiadura bizian. Kalkulatu dute urteko 20 kilometroan egin duela gora iberiar penintsulan. Ikerketaren arabera, espezieak bi ibilbide jarraitu ditu. Ebroko haranekoan, Aragoiko Pirinio aurretik Nafarroan barrena aurrera egin du, eta Arabara, Errioxara eta Burgosera iritsi da. 2006tik 2026ra 200 kilometro inguru mugitu da mendebaldeko banaketa muga, urtean batez beste 10 kilometroko abiaduran. Bigarren ibilbidea, Frantziako hego-mendebaldetik Kantauri itsasertzaren zehar, are azkarrago joan da: urtean 20 kilometro. 

"Hainbat tokitan jada ugaltzen ari da. Ez ditugu soilik helduak aurkitzen, baizik eta arrautza eta har ugari gurbitzetan", azaldu du Oscar Aedo ikertzaileak. 2025ean detektatu ez zen leku batzuetan atzeman dituzten orain kolonizazio berriak. Europako eguneko tximeleta handienetakoa da, emeetan bederatzi zentimetroko hego-zabalerara iritsi daitekeelarik. Itxura tropikala du, eta helduek fruta helduen zukuez elikatzen dira, loreez baino gehiago. Harrak gurbitzen hostoz elikatzen direnez, gurbitz tximeleta gisa ere ezagutzen da. Har horiek izozteekiko oso sentikorrak dira, baina azken bi hamarkadetako izozte gutxiagoak eta udako tenperatura altuagoak hedapena errazten ari dira. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago