Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak eta Itziar Gonzalo de Zuazo Ogasun diputatuak datorren urterako aurrekontu proiektua aurkeztu dute gaur. Orotara, proiektua 752 milioikoa da, iaz baino %6 handiagoa.
Ohi bezala, arlo sozialak eramango du foru aurrekontuaren ia erdia, 363 milioirekin. Horietatik, 322 milioi GOFE Gizarte Ongizaterako Foru Erakundera joango dira. Besteak beste, aldundiak 100 plaza gehiago iragarri ditu adinekoen egoitzetarako.
Mugikortasunak 66 milioi euro inguru izango ditu. Nobedade handienetako bat AP-68 autobidearen kudeaketa zuzena izango da. Aldundiak berak kobratuko dituen bidesarien hobarietako eta autobusen deskontuetarako —%20ko deskontua mantentzea aurreikusi dute— 12,6 milioi joango dira, eta autobidea mantendu eta hobetzeko 4,7 milioi. Zabalganerako tranbiak 3,7 milioi izango ditu. Ingurumenari lotutakoei dagokienez, hondakinak (11,2 milioi) ur hornidura (9,7), Natura parkeak (4,9) eta klima (5,7) aipatzekoak dira. Landa garapenera 11,4 milioi joango dira, eta turismora 1,9 milioi. Lehen sektorea indartzeko 17 milioi euro aurreikusi dituzte.
Alor industrial eta teknologikorako inbertsioek 66,6 milioi euro eramango dituzte. Besteak beste, ardoaren campusera 6,3 milioi bideratuko dituzte, eta Betoñun eta beste hainbat lekutan zoru industriala erosteko 5 milioi egongo dira. Gazteriaren Foru Erakundeak 7,8 milioi izango ditu, eta kirolerako 1,4 aurreikusi dituzte. Kultura ekintzek 2,5 milioi euro aurrekontua izango dute. Euskararen zabalkundera 2,4 milioi bideratuko dituzte, eta ia milioi bat berdintasunera. Etxebizitzaren alorrera 6,2 milioi bideratuko dituzte, etxebizitza erosteko eta berritzeko laguntzetara, bai eta gazteentzako abal programa bat egiteko —Jaurlaritzaren esku dagoen arloa da etxebizitzarena—.
Modu berean, Arabako Gobernu Kontseiluak 2027ko zerga neurriei buruzko foru arau proiektua ere onartu du. Neurri nagusiena PFEZa %3 deflaktatzea da. Aldundiak dio kopurua "bat datorrela" EAEko soldata igoeraren batez bestekoarekin. Inflazio handiko testuinguru batean, argudioa da soldaten igoerak efekturik ez izatea zerga horretan.
"Erosahalmena babestea, etxebizitza eskuratzen laguntzea eta talentua erakartzea" dira datorren urterako zergetan proposatutako aldaketen helburuetako batzuk, aldundiaren arabera.
Legegintzaldi osoan bezala, EAJ eta PSE-EEren arteko foru gobernuak gutxienez hirugarren batzarkide talde baten babesa beharko du aurrekontuak ateratzeko. Ramiro Gonzalezek gaur aurreratu du aurrekontua eta neurri fiskalak talde politiko desberdinekin adosteko aukera, baina sinetsita dago aurrerapenik ez dela izango hauteskundeak igaro arte. Joan den astean bertan Elkarrekin Arabak iragarri du ez dituela berriro kontu publikoak babestuko iaz sinatutako akordioa osorik bete ezean —Amarika aretoaren kudeaketa eredua, suhiltzaileen plazak eta Buesa Arenaren salmenta dira batzarkide talde moreak adierazi dituen kezka handienak—.