Auto ilara luzeak eragin ditu teleordainketak Altuben

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Auto ilara luzeak ikusi dira azken egunotan Altuben. RACVN

RACVN elkarteak abiadura murrizteko eskatu die gidariei, istripuak saihesteko.

AP-68 autobideko ordainsariaren kudeaketa berria abian jarri eta bi egunera, teleordainketa sistemaren gorabeherek zirkulazio arazoak eragin dituzte. RACVN elkarteak abiadura murrizteko eta arduraz gidatzeko eskatu die herritarrei, istripuak saihesteko.

Hilaren 11n Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek AP-68 autobidearen lurralde horietako tarteen kudeaketa beren gain hartu zutenetik, auto ilarak eta ordainketa arazoak izaten ari dira Altubeko ordainsarian. Bereziki, Via-T teleordainketa sistema erabiltzen duten gidariek zailtasunak dituzte ordainketa balioztatzeko, eta horrek ibilgailuak blokeatuta uzten ditu ordainsariko erreietan.

RACVN elkarteak ohartarazi duenez, arazo horiek zirkulazioaren segurtasunean ere eragina izan dezakete. Hori dela eta, autobidetik Altubeko ordainsarira iritsi aurreko kilometroetan abiadura murrizteko eskatu die Bilbotik zein Gasteiztik datozen gidariei. Izan ere, autobidean baimendutako abiaduran joanez gero, bat-batean auto ilarak aurkitzeak talka egiteko arriskua handitu dezake. 

Arduraz gidatzeko ere eskatu du elkarteak, eta maniobra arriskutsuak ez egiteko. Izan ere, auto ilarak saihesteko beste erreietara aldatzeak edo atzera egiteak gainerako erabiltzaileak arriskuan jar ditzake. RACVNren arabera, Altubeko ordainsarian ez ezik, Bizkaiko Arrankudiagako ordainsarian ere arazoak izaten ari dira, Via-T erreietan kamioiek eragindako blokeoen eta gainerako erreietan pilatutako turismoen ondorioz.

Zambranan, arazo informatikoak

Bestalde, hilaren 11n bertan, Zambranako irteerako ordainsarian arazo informatiko batek erabiltzaileei kobratzea eragotzi zuen. Horrez gain, Via-T sistemaren detekzioarekin eta matrikulen irakurketarekin gorabehera puntualak izan ziren. Arratsaldean, ordea, sistema normaltasunez zebilen.

Kudeaketa berria

AP-68 autobidearen kudeaketa aldaketa Avasa enpresaren emakida amaitu ondoren gauzatu da. Azaroaren 11tik aurrera, Arabako Foru Aldundiak Zambrana eta Ziorraga arteko 55,3 kilometroak kudeatzen ditu, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, bere lurraldeko 22,3 kilometroak, Interbiak sozietatearen bidez.

Sistema berriak ordainsarietako sarreran tiketak hartzeko beharra ezabatu du: ordaindu beharreko zenbatekoa egindako ibilbidearen arabera kalkulatzen da. Hala ere, autobideak ordainpekoa izaten jarraitzen du, eta erabiltzaileek eskudirutan, banku-txartelarekin edo Via-T gailuarekin ordain dezakete.

Arabako Foru Aldundiak azaldu du sistema berria ez dela berehala osorik ezarriko, eta gokitzapen fasea abenduaren 15era arte luzatuko dela.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago