Efemerideak

Epsilonen iruzurra frogatu zen

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Epsilon proiektua 2002an sortu zen. IDOM

Gaurko egunez 2013an

Epsilon proiektua 2002an sortu zen, Bat Formulako talde bat izateko helburuarekin. Batez ere, Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren funts publikoekin finantzatu zen proiektua, eta Miñaoko Teknologia Parkean autoen aerodinamika aztertzeko tunel iraultzaile bat eraiki zuten. Baina proiektuak porrot egin zuen, eta 48 milioi euroko zuloa utzi zuen erakunde publikoen kutxetan. "Epsilon Euskadi proiektu nazionalaren" bultzatzaile Joan Villadelprat enpresaren porrotaren "errudun" jo zuen 2013ko azaroan Gasteizko Merkataritza Epaitegiak. Epaileak merkataritza jarduerarako hiru urterako inhabilitazioa ezarri zuen enpresariarentzat, eta hartzekodunei 900.000 euro itzultzera behartu zuen..

Eta gainera...

1959-11-14 Arabako hainbat herritar Cuelgamurosera (Madril, Espainia) mugitu zituzten. Guztira, Arabako 618 pertsonaren gorpuzkiak lekualdatu zituzten..

1925-11-15 Ignacio Aldekoa Madrilen hil zen 44 urte zituela. Gasteizen jaio zen, eta XX. mendeko idazle garrantzitsuetako bat izan zen.

1886-11-13 Gasteizko jaietako Zeledon ikonikoa inspiratu zuen Celedonio Anzola Garcia de Andoain zalduondotarra Gasteizen hil zen.

2016-11-10 Izaskun Arrue Goikoetxea Gasteizko lehen andereñoa eta Olabide ikastolaren sustatzaile nagusietako bat hil zen, 89 urte zituela.

 

2005-11-14 Gasteizko Pferd Ruggeberg (Caballito) enpresako langileek greba bertan behera uztea bozkatu zuten. Bi urte eta hamalau egun iraun zuen lanuzteak.

 

1901-11-12 Gorbeiako gailurreko lehen gurutzea inauguratu zuten. Abenduaren 12an, gurutzea behera jausi zen, haizete baten ondorioz.

1990-11-11 Santikurutze Kanpezuko San Martin azoka berreskuratu zuten, eskualdeko nekazaritza eta abeltzaintza tradizio zaharra indartzeko.

1922-11-12 Deportivo Alavesen historian funtsezko mugarria izan zen batzarra egin zen. Babes instituzionala eta soziala bermatzeko lehen urratsa egin zen.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago