Alor sozioekonomikoan euskararen alde egindako lana saritzen duten Lazarraga sarien bederatzigarren edizioan Garagart, Azala Kreazio Espazioa, Lizarralde Soinua, I+MED eta Iraitz Perez de Goldarazena aitortu dituzte. Gaur eguerdian izan da sari banaketa Gasteizko Artium Museoan. Lanabes egitasmoaren testuinguruan eta aldundiaren babesarekin sari hauek antolatzen dituen Bai Euskarari Elkarteak bezeroekiko harremanetan zein barne prozesuetan euskara txertatzeko urratsak eman dituzten bost enpresa, entitate eta norbanako arabar hauen lana nabarmendu du. Ramiro Gonzalez diputatu nagusia, Iñaki Gurtubai Euskara foru diputatua eta Haizea Muñoa Bai Euskarari Elkarteko ordezkaria egon dira sari banaketan, eta guztien artean banatu dizkiete garaikurrak irabazleei.
Sarituen jardunari dagokionez, Garagartek artisau garagardoak egiten ditu, eta "hasieratik euskara nortasunaren marka gisa" definitu du, antolatzaileek azaldu dutenez. Lasierran kokatuta dagoen Azala Kreazio Espazioak, berriz, sorkuntza eta landetxea uztartzen ditu "gorputz adierazpena, artea eta pentsamendua batuz". Zueneko emanaldien alorrean diharduen Lizarralde Soinua Txalapartak duela bi hamarkadatik duen Bai Euskari Ziurtagirian maila gorena eskuratu du, "zerbitzua eta lana euskaraz" egiten duelako.
Bestetik, osasunaren eta botiken alorrean ikerketa eta garapena egiten duen I+MED kooperatibak "sektore teknologiko eta zientifikoan euskaraz bikaintasunez jardutea posible dela erakutsi du". Azkenik, Iraitz Perez de Goldarazena Oreka ITko zuzendari nagusiaren lana aintzatetsi dute, "ibilbide profesionalean euskarari emandako lehentasunagatik eta hizkuntzaren erabilera modu eredugarrian sustatzeagatik". Azkenik, antolatzaileek aitorpen berezia egin diote urte luzez aldundiaren Euskara Zerbitzuko buru izandakoari, berak egindako "lan nekaezina" gogora ekarriz.