Arabako hainbat eskualdetan mobilizazio ugari egin dituzte greba egunaren harira. Goizaldeko lehen orduetatik hasi, piketeak, auto karabanak, kalejirak, elkarretaratzeak eta manifestazioak izan dira hainbat herritan.
Aiaraldean eskualdeko martxak egin dituzte, eta eguardian Laudio, Amurrio eta Urduñatik Gasteizera joateko auto-hitzorduak antolatu dituzte. Arratsaldean, gazte bloke izenekoak deialdia egin du Laudioko tren geltokian, eta egunari amaiera emateko eskualdeko manifestazioa deitu dute.
Arabako Errioxan, Oion izan da mobilizazioen erdigunea. Herriko plazan bi manifestazio deitu dituzte. Gorbeialdean, herriz herriko kalejira zaratatsu batek eman dio hasiera egunari Izarra, Murgia eta Gopegin barrena. Ondoren, auto karabana egin dute eskualdean zehar. Arratsaldean, Murgiako institututik manifestazioa deitu dute. Aramaion, karabanaren ondoren, Gasteizera joateko hitzordua jarri dute, eta arratsaldean Arrasate jo dute helmuga.
Lautadan, Agurainen pikete bat deitu dute. "Gosari kolektiboa", ikastetxeko piketeak eta kalejira egin dituzte ondoren. Eguerdian elkarretaratzea egin dute, eta Gasteizerako hitzordua ere egon oda. Arratsaldean, Santa Maria plazan eskualdeko mobilizazioa deitu dute. Mendialdean, berriz, Kanpezuko plazan egin duten elkarretaratzea izan da eguneko ekitaldi nagusia.