Tratu txar baten ostean alaitasuna berreskuratzea ez da beti erraza izaten, sarritan erruduntasuna edo fribolitatea sentiarazten baitzaio biktimari. Hala erakusten du, hain zuzen ere, Metrokoadroka kolektiboaren Bi baso bat ur lanak. Antzezlan honek trauma baten ostean zutitzeko eta iluntasunari argia itzultzeko bide askatzaile hori ekarriko du Arabako oholtzetara azaroan zehar, "alaitasunaren zentzu soziala" eta umorea ardatz hartuta.
Hori da proposamenaren ardatza, tratu txarrei loturiko paralisiaren inguruko gogoeta eszeniko bat. Oholtza gainean, dantzaleku batean eta DJ baten mundua oinarri hartuta, ikusleek gogoeta egingo dute norberaren gorputzean zein eremu sozialetan pairatzen diren min isilen inguruan, eguneroko bizitzako indarkeriak aztertuz eta sanazio kolektibo bat bilatuz, taldekideek azaldu duten moduan.
Obra honen zuzendaritzan Edurne Azkarate eta Oier Guillan aritu dira, Miren Azkate eta Guillen bera dramaturgian, talde osoarekin elkarlanean, eta aktore lanetan, berriz, Intza Alkain, Iraia Elias, Javier Barandiaran eta Marina Suarez arituko dira.
Hitzorduak aste honetan bertan hasiko dira lurraldeko hainbat txokotan: azaroaren 12an Gasteizen izango da ikuskizuna, Matauko antzokian, 18:30ean; azaroaren 21ean Zigoitian; 19:00etan; azaroaren 28an Izarran, 19:00etan; eta azaroaren 29an Oiongo kultur aretoan amaitzeko.