Inor ez da aurkeztu energia komunitateetara batzeko laguntzetara

Juanma Gallego

Deialdiak ez du erantzun bakar bat ere jaso. JUANMA GALLEGO / ALEA

Aurten kontzejuentzat eta familientzat aldundiak prestatuta zeukan 300.000 euroko diru laguntza osoa eman gabe geratu da.

Arabako Foru Aldundiak energia komunitateetan sartzeko kontzejuei eta errenta gutxiko familiei begira prestatutako diru laguntza bere horretan geratu da, eman gabe, laguntza lerrora ez delako eskaera bakar bat ere aurkeztu.

Hala ezagutzera eman du Laura Borinaga Lurralde Orekako foru diputatuak, urrian EH Bildu batzarkide taldeak egindako galdera bati emandako erantzun batean.

Abuztuan argitaratu zen laguntza hori, eta urriaren 15ean bukatzen zen eskaerak aurkezteko epea. Data horretan, EH Bilduk idatzizko galdera erregistratu zuen. Besteak beste, jakin nahi zuten zenbat eskaera zeuden, eta zer komunitate energetikori lotuta zeuden. Modu berean, galdetzen zuten ea eskaeren epea ezarritakoaren aurretik itxia ote zuten dirua bukatuta zegoelako. Galdera guztiek erantzun laburra izan dute, eskaerarik ez dela egon azalduz. "Ez da eskaerarik ebatzi, ez baita eskaerarik aurkeztu", esan du Borinagak. 

Elkarrekin Araba batzarkide taldearekin batera adostutako aurrekontuetan sortutako partidaren helburua zen energia komunitateetan parte hartzea erraztea, energia berriztagarrien erabilera sustatzea eta energia pobrezia murrizten laguntzea, deialdiaren arabera. Laguntza lerroak 300.000 euroko aurrekontua zuen: familia bakoitzak, gehienez, 2.000 euroko laguntza jaso ahal zuen; kontzejuen kasuan, bakoitzak 5.000 eurorainoko laguntza jaso ahal zuen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago