Gazteen osasun mentala aztertuko du Asafesek

Asafesen aldeko ibilaldi solidarioa, joan den urriaren 25ean. ASAFES

Azaroaren 17an Gasteizen egingo den jardunaldiak hezkuntza, osasun eta gizarte arloetako profesionalak bilduko ditu.

Asafesek X. Topaketa Tekniko Profesionala ospatuko du datorren azaroaren 17an Gasteizko Europa biltzar jauregian, Gazteak eta osasun mentala: nahi ez den bakardadeari prebentziotik eta esku-hartzetik heltzea izenburupean. Ekitaldi honetan gizarte, osasun eta hezkuntza arloetako profesionalak bilduko dira gazteen artean gero eta presentzia handiagoa duen errealitate honi buruz hausnartzeko, kontuan hartuta hainbat azterlanen arabera gazteen laurden batek baino gehiagok nahi ez duten bakardade sentimenduak dituztela, antsietatea, depresioa edo jokabide autolesiboak bezalako arazoekin lotura estua duena.

Egitarauaren barruan, Daniel Ferreras Belda soziologoak Nahi ez den bakardadea eta buru osasuna azterlanaren ondorioak aurkeztuko ditu lehen hitzaldian, eta jarraian Iñaki Garcia Maza psikologoak gazteei zuzendutako esku hartzean eta laguntzan oinarritutako hitzaldia emango du. Goizeko ordutegian egingo den topaketa hau aurrez aurre zein online jarraitu ahal izango da, eta izena emateko epea zabalik dago webgune honen bidez. Topaketan zehar estigma, laguntza eskatzeko zailtasuna eta teknologia digitalen erabilera intentsiboa bezalako faktoreak ikuspegi komunitariotik eta diziplinartekotik jorratuko dituzte.

Ekitaldi hau Asafesen 50. urteurrenaren ospakizunaren barruan kokatzen da. Arabako osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta familien aldeko erreferentziazko erakunde honek gaur egun 630 familia bazkide ditu, urtero 2.000 pertsona inguru artatzen ditu, eta 45 profesionalez osatutako taldea zein boluntarioen laguntza dauka.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago