Guztira 50.000 euroko diru laguntza jasoko dute Urkabustaiz, Iruraitz-Gauna, Berantevilla, Artziniega, Guardia, Agurain, Amurrio eta Donemiliagako udalerrietan garatuko diren proiektuek, eta nahi gabeko bakardadea prebenitzeko eta hautemateko eta haren aurka esku hartzeko jarduketak gauzatuko dituzte.
Laguntza lerro hori nahi gabeko bakardadearen aurkako ‘Araba a Punto’ foru estrategiaren barruan jarri zen abian, eta zaintzarako komunitate sareak indartzea eta toki erakundeei udalerri bakoitzaren errealitatera egokitutako ekimenak garatzen laguntzea du helburu.
Diruz lagundutako proposamenen artean, Iruraitz-Gauna Zaintzen programa nabarmentzen da. Programa horrek nahi gabeko bakardadea prebenitzeko, hautemateko eta haren aurka esku hartzeko komunitate programa bat garatzen du. Finantzaketa lortu duten beste proiektu batzuk dira: Artziniega Konektatzen: Komunitatea eta Zaintza, komunitate sareak eta belaunaldien arteko jarduerak sortzeko; Donemiliaga Nagusi Biziak proiektua, Donemiliagako herriei topaketa eta prebentzio jarduerak eskaintzen dizkiena; edo Amurriok bultzatutako proiektu pilotua, topaketarako eta bizikidetzarako landa espazioak sortzea aztertzekoa.