Bilboko Kafe Antzokian ekingo dio gaur Izaki Gardenak talde gasteiztarrak azken bost kontzertuko birari, eszenatokiak denbora baterako utzi aurretik. Zuzenekoak atzean utzi baino lehen, euren ibilbide osoa errepasatuko dute emanaldi berezi hauetan. Bilboren ondoren, Atarrabian izango dira azaroaren 13an, Donostian azaroaren 14an, Berrizen azaroaren 21ean eta azkena etxean eskainiko dute, Gasteizen, azaroaren 27an.
Agur bira honekin amaiera emango diote 2025aren hasieran abiatutako itzulerari. Lau urteko etenaldiaren ondoren berriz elkartu zirenetik, 40 kontzertu baino gehiago eskaini dituzte Euskal Herrian zein kanpoan, Orube diskoa aurkeztu eta moldaketez osatutako Sitsak lana argitaratu dute. Ziklo hau borobiltzeko, gainera, bi kantu berri grabatu dituzte udan Gakobeltz estudioan: Itzal handi bat kantu propioa eta Anariren Aingura hegodunak abestiaren bertsioa.
Bira amaitzean, taldeak geldiunea egingo du beste proiektu batzuetan aritzeko eta kantu berriak prestatzeko.