Joan den asteartean Ramiro Gonzalezek prentsa agerraldi batean tokiko erakunde txiki —entidades menores, alderdi subiranistak gazteleraz egindako jatorrizko galderan— erabiltzearen arrazoiaz galdetu dio gaur EH Bilduk diputatu nagusiari.
Batzarkide taldearen esanetan, izendapen horrek garrantzia kentzen die kontzejuei, eta, horregatik, "harridura" agertu dute diputatu nagusiak izendapen hori erabili izanagatik. Galderan diotenez, Gonzalezek "gutxienez bi aldiz" erabili du kontzeptua astearteko prentsa agerraldian, eta horri lotutako prentsa ohar batean ere izendapen bera erabili dute
"Urte luzez, Arabako kontzejuei tokiko erakunde txiki deitzea horiei balioa eta gaitasunak kentzeko modu bat bezala ulertu izan da", argudiatu du EH Bilduk. Erantsi dute "normalean", hori izan dela "Arabako ehundura instituzionalaren gaineko ezagutza falta garbiaren ondorioa". Gaineratu dute Batzar Nagusiek berek aho batez onartu dutela terminoa "baztertzea".
Hortaz, Gonzalezi galdetu diote ea "bere akatsa zuzentzeko" asmoa ote duen, eta hori hurrengo agerraldian "modu publikoan" zuzenketa hori egingo ote duen.