Listeriosiari lotutako arrisku biologikoko alerta zabaldu dute

Juanma Gallego

Produktua etxean izanez gero, ez kontsumitzeko gomendioa egin dute. ANETA VOBORILOVA / UNSPLASH

Urkabe markako urdaiazpiko egosiko lote batean 'Listeria monocytogenes' bakterioa atzeman dute osasun kontrolek.

Urkabe markako urdaizpiko egosiko lote batean listeriosiaren gaitza eragiten duen Listeria monocytogenes bakterioa aurkitu dutelako osasun alerta zabaldu du Jaurlaritzak.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak azaldu du bere kontroletan atzemandako lote arriskutsua 61027 zenbakiduna dela, 2026/11/26 iraungitze data duena. 175 gramoko paketeak dira, eta, besteak beste, EAEn zabaldu dute.

"Arreta neurri gisa, etxean adierazitako produktua duten pertsonei ez kontsumitzea" gomendatu die Jaurlaritzak. Diotenez, enpresak produktua merkatutik kentzeko protokoloa ezarri du, eta "produktu gehiena berreskuratu du", baina etxeetan "kopuru txikiak egon daitezke".

Kaltetutako loteko produkturen bat kontsumitu eta listeriosiarekin bateragarria den sintomaren bat dutenei —gorakoa, beherakoa edo sukarra— osasun zentro batera joateko gomendatu diete. Ohi bezala, haurdun dauden emakumeei ardura berezia eskatu diete, eta Osasun Sailaren Haurdunaldiaren Gidako elikadurari buruzko atala kontsultatzea gomendatu diete.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago