Nola jarri zinen kontaktuan Neguko Ataria topaketarekin?
La Gisteríako Alex Peredarekin askotan egon naiz Asturiasko eta Galiziako maskaradetan, berak ere horren gaineko zaletasun handia duelako, eta etortzeko eskatu zidan. Europarekiko alderaketak egiten ari naizenez, hortik helduko diot hitzaldiari. Ikusgarritasun gutxi duen gaia da. Batzuetan ematen du zerbait asmatutakoa dela, baina, kontrara, atzean historia handia dago arakatzeko.
Nola iritsi zinen zu gai honetara?
Duela hainbat urte ekoizpen-etxe bat nuen, eta Valdesotoko (Asturias) sidro-en inguruko dokumental bat grabatu nahi nuen. 2004 urtearen bueltan, informazioa biltzen hasi nintzen, desberdinak diruditen maskaradak daudelako, baina oinarrian lotura bat izan behar zutela sinetsita nengoelako. Pixkanaka, alderaketak egin nituen, haien artean dauden aldeak eta pertsonaia edo ekintza komunak bereizten. Eta konturatu nintzen Europako herrien etnohistoria hau hein handi batean ikertu gabe zegoela. Kanpoko jendearekin hasi nintzen: Eslovakia, Eslovenia, Kroazia, Bulgaria, Grezian... bakoitzak bere izenarekin, baina, funtsean, berdinak. Kontu oso zaharra izan behar da, pertsonaia berdinek izen desberdina dutelako. Euskal Herrian ere guztiz desberdinak dira izenak.
Europa mailako oinarrizko substratu bat ikusten al duzu?
Hasieran historialari batzuek zioten Erromatik edo zelten mundutik zetorrela ohitura. Liburua idazteko, jendearekin hitz egin nuen, haiek kontua nola bizitzen duten jakiteko. Ondorio batera iristeko modu bakarra alderaketa da. Joera izan da Saturnalekin edo Dionisiorekin alderatzea, adibidez. Hortik abiatuz gero, oso kutsatuta zoaz. Nik uste dut ezetz, ez duela jatorri klasiko bat. Mundu hori baino aurretik datorren zerbait da. Bestetik, jende guztiak nahi du ospatu urte berriaren hasiera, ziklo aldaketa... Nire ustez, mitologia guztia hortik dator ere, maskaradatik: eta, handik aurrera, oharpen horiek: 'Kontuz, kukumarroa dator, eta eramango zaitu!'. Europaren zerrenda zehatz batean gertatzen den ohitura da. Ez dago, adibidez, Europako iparralde goienean.
Hots, kostaldetik beharrean, lehen nekazarien zabalpen bideetatik zabaldu ziren...
Hegoaldetik bai. Adibidez, Dagestango (Errusia) Igbi jaialdian erroskillak daramatzate, baina antzera ibiltzen dira. Anatolia, Grezia, Bulgaria, Errumania, Alemania hegoaldean, Italia iparraldean... Euskal Herria, Kantabria, Asturias, Galizia, Leon... Beherago ere badoa, baina hori Birkonkistari zor dakioke agian. Argi dagoena da ez dela kostakoa. Barruko herrietan gertatzen da, txerriaren hilketari lotuta, haragia eramaten delako. Baina jai bakoitzak berezko bilakaera bat izan du ere. Mutilak, janzten direnean, zuriz edo beltzez jantzita doaz. Ederraz edo itsusiaz. Biko konpartsa hori zenbait kasutan galtzen da, eta soilik mantentzen dira ezkilekin doazenak. Goizuetako mozorroa edo Markinako dantzaria... oso antzekoak dira Europako beste pertsonaiekiko. Konpartsa horiekin beti doaz eskean ari direnak, mozorrotuta daudenak komedia egiteko. Badirudi pertsonaia eder eta itsusiak kontserbatzen dituztenak direla adierazpen zaharrenak edo hobekien mantendu direnak.
Eder eta itsusi horiek lotuta al daude ongia eta gaizkiarekin? Argia eta iluntasunarekin?
Hori da kontua: nahi duzun interpretazio sinbolikoa egin dezakezu. Urte berria hastean denean, edertasuna hasten da, eta gauza itsusiak pasata geratzen dira. Baina esango nuke kontu honek lotura handia duela neskak gorteatzearekin. Etxez etxe ibiltzen ziren mutilak, dantza egiten zuten neskekin, eta horiek frutarik onenak ematen zizkieten mutilei. Gaur egun gauzak aldatu dira, noski.
Arabaren kasuan, zein maskarada sartu dituzu liburuan?
Salcedo eta Zalduondo jaso ditut. Kuartangokoa, adibidez, falta zait. Oiongo Katxia ere azaltzen da, baina hori Nafarroako dantzarien eremuari gehiago dagokio. Ebro parean dauden ohiturak dira, batez ere Aragoin halako asko daude: makilen dantzariak dira. Pixkanaka dena konplikatuz doaz. Gainera, aintzat hartu behar da ondoren Eliza Katolikoa tartean sartu zela, eta bere santuak sartu zituela. Negua baldin bada, San Anton, deabruekin. Baina atsoa ere agertu ohi da, edota atso sostrona, Asturiasen.
Izen desberdin asko...
Bai. Hori da Europako kideekin batzuetan komentatu duguna, nolabaiteko izen komun bat jarri beharko litzaiekeela oso argi dauden pertsonaia horiei, alderaketak hobeto egin ahal izateko. Badira Europa osoan komunak diren batzuk: hartza eta hezlea, emakume zaharra eta gizon zaharra, goldea —batzuk behiarena eta besteak idiarena egiten—, eta baita heriotza eta pizkundea ere.
Nola egin zenuen lan hau?
Hasi nintzenean, gertuen nituenak bisitatzen hasi nintzen, baina, ondoren, kontua handitzeko, zuzenean telefonoz eskuratu nuen informazio asko, adineko pertsonei hots eginez. Oso pozik zeuden hitz egiteaz. Eta udaletan ere argazki bila ibili naiz.
Teknologiaren abantailak...
Bai, Interneten bidez ere informazio asko lortu eta trukatu daiteke gaur egun. Interesgarriena da ahalik eta maskarada gehien bilatzea, ikuspuntu zabalagoa lortu aldera. Horregatik, Europako maskaraden ikerketan jarraitu nahi dut, baina finantzazioa beharrezkoa da horretarako. Hortaz, euskal erakunderen batek proiektuarekin kolaboratu nahi izanez gero, mascaradaeuropea@hotmail.com postara idatzi dezake.