Euskararen Eguna

Euskararen Egunaren izaera "soziala eta aldarrikatzailea" indartzeko deia egin du Taupak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Taupa mugimenduak zintzilikatu dituen kartelak. TAUPA

Tokiko eragileei proposamena luzatu die Taupak euskararen erabileraren inguruko kontzientzian eta aktibazioan eragiteko.

Guri toki guztietan egitea gustatzen zaigu, Noiztik ez duzu egiten? eta Zuk uste baino 
jende gehiagok egin nahi du zurekin mezuak daramatzaten kartelak Euskal Herriko 
horma, zubi eta txokoetan zintzilikatzen ageri dira Taupa euskaltzaleen mugimenduko 
hainbat kide, zabaldu berri duten spot-ean.

Zentzu bikoitzarekin jolastuz, herritarren arreta bereganatu, eta euskararen erabileraren inguruko kontzientzian eta aktibazioan eragin nahi dute. Modu horretan, gainera, Euskararen Egunaren "izaera soziala eta aldarrikatzailea" indartu nahi du Taupa euskaltzaleen mugimenduak abenduaren 3aren atarian.

Horrela, mezu horiei lotuta,  euskararen egoeraren inguruko datuak ageri dira karteletan: administrazio publikoan euskaraz artatua izateko mugak azaleratzen dira, haurtzarotik helduarora euskararen erabilera erdira jaisten dela ohartarazten da, eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egiteak elkarrizketa euskaraz izateko aukera hirukoiztu egiten duela azaltzen da.

Euskara gehiago egiteko eta hori ahalbidetzen duten baldintzak sortzeko deia da, hizkuntza ohituretan zein politika publikoetan eragitekoa.

Mezu horiek Euskal Herri osora zabaldu nahi ditu Taupak, jendea xaxatzeko eta geroz 
eta herritar gehiago euskararen erabilera aktibatzeko erronkara batzeko. Eta hain justu, 
spot-ean oihal erraldoietan agertzen diren mezu horiek karteletara ere eraman ditu, eta 
euskaltzale, euskara talde eta elkarte ororen esku jarri ditu, inolako kosturik gabe, euren 
herrietan zabal ditzaten. 

Parte hartu nahi dutenek aktibazioa@taupamugimendua.eus helbide elektronikora idatziz hartu dezakete harremana Tauparekin. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago