Laudioko 37 urteko langile bat hil da astearte goizean Larrabetzuko (Bizkaia) Euskopan enpresan, jakien banaketa lanetan ari zela. Larrialdi zerbitzuek 07:50 aldera jaso dute abisua, eta osasun langileak bertaratu badira ere, ezin izan dute ezer egin haren bizitza salbatzeko.
UGT sindikatuak azaldu duenez, biktima aldi baterako laneko enpresa baten bitartez zegoen kontratatuta, eta "lan istripu traumatiko baten ondorioz" zendu da lanean ari zen bitartean. Gertatutakoaren aurrean, UGTk bere elkartasuna adierazi die biktimaren senide eta gertukoei, eta ikerketa sakon bat egiteko eskatu die Osalani zein Lan Ikuskaritzari. Besteak beste, enpresak lan-arriskuen ebaluazioan jasotako segurtasun-neurri guztiak betetzen ote zituen argitzeko eskatu dute, aldi baterako langileei dagozkien baldintza zehatzei ere erreparatuz.
Ezbehar honek berriro ere agerian utzi du lan ezbeharren kopuru handia. UGTren zenbaketaren arabera, gutxienez 28 pertsona hil dira aurten lanean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ohartarazi dute urte amaierarako bi hilabete falta diren honetan 2025eko datu guztiak gainditu direla dagoeneko.