ESI-Arabako zuzendaritzak ama presoei ematen dien tratua salatzeko prentsaurrekoa egin dute ESKk eta Salhaketak. Salaketa publikoaren erdigunea da ama presoen arreta arautzen duen protokoloa, Espetxe erregimeneko ama jaioberri baten aurrean jarduteko prozedura.
Aipatutako erakundeek jakitera eman dutenez, ESI-Arabak duen protokoloak dakartzan arazo guztiak erabaki bakar baten ondorio dira: ama presoak euren jaioberriengandik banatzea. Gainera, Salhaketak eta ESKk azpimarratu dute hori ez dela gertatzen Osakidetzako gainontzeko ospitaleetan eta "inolako arrazoirik gabe" egiten dela Txagorritxun.
Ezarritako protokoloaren aginpean, ama presoak erditu ondoren Espetxe Unitatera eraman behar dituzte. Bitartean, haien jaioberriak Neonatologia Unitatean sartzen dira, lau solairu beherago. Horrek, jaioberria amarengandik fisikoki banantzeaz gain, beste arazo bat dakar, ama horrek bere jaioberria bakarrik ikusi ahal duela aurretik baimendutako bisita erregimenaren arabera.
Protokoloak honako hau dio espresuki, "amari jakinaraziko zaio, nahi izanez gero, jaioberriaren beharrak ase ditzakeela, elikadura eskainiz, segurtasun taldeak adostutako bisita erregimen baten bidez".
Gainera, Salhaketak eta ESKk adierazi dutenez, prozedurak ezartzen du jaioberria Neonatologia Unitatean sartzen dutela "gizarte arazoa" ebaluazioarekin. Ama presoi eta jaioberriei emandako tratu "estigmatizatzaileari" gehitzen da auzi hau.
Prentsaurrekoan "prozedura lotsagarri eta krudela" berehala kentzea eskatu dute, prozedura horrek "sufrimendua baino ez dielako gehitzen askatasunik ez duten amek pairatzen dituzten baldintza gogorrei, baita haien seme-alabei ere".
Bestetik, ESKk eta Salhaketak azaldu dute irailean idatzi bat erregistratu zutela ESIko zuzendaritzari bideratuta, eskatuz jaioberria amaren ondoan egoteko ospitaleko egonaldi osoan. Adierazpenen arabera, era berean, bilera bat ere eskatu zuten "prozedura zital hori berrikusteko". Hala ere oraindik ez dute zuzendaritzaren erantzunik jaso.
Salhaketa-Arabak eta ESKk azpimarratu dute haien eskaera bat datorrela haurren eskubideak bermatzen dituzten hainbat araudi eta gomendiorekin. Hala nola, Estatuko eta nazioarteko legedi eta araudiak aipatu dituzte, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen eta Unicefen gomendioak ere, Jaiotze eta Edoskitze Laguntza Humanizatzeko Ekimenean jasoak.