Patxi Goenaga (Azpeitia, 1948) hizkuntzalari, irakasle eta euskaltzain emeritua hil da. Deustuko Unibertsitatean ikasketak amaitu eta gero, Euskal Herriko Unibertsitatean lortu zuen doktoregoa, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean egindako tesiarekin. Irakaskuntzan bide luzea egin zuen: Karmelo Ikastolan zuzendari aritu zen, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean irakasle, eta EHUko Euskal Filologia sailean katedradun, harik eta 2011n erretiroa hartu zuen arte.
Euskaltzaindiari lotuta igaro zituen urte asko, urgazle izendatu baitzuten 1979an, euskaltzain oso 1995ean eta emeritu 2023an. Euskararen inguruko erantzukizun publikoak ere bere gain hartu zituen; Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikako sailburuordea izan zen 2002tik 2005era bitartean. Horrekin batera, UZEIren hiztegigintzan zein Eusko Ikaskuntzan jardun zuen, eta hainbat idatzi plazaratu zituen; tartean, 1978ko Gramatika bideetan liburua, hurrengo urtean Zilarrezko Lauburua saria jaso zuena.
Gasteizen bizi zen, eta bertako Los Angeles elizan egingo dute haren omenezko hileta elizkizuna bihar, larunbata, 18:00etan.