Efemerideak

Emilia Pardo Bazan Gasteizen izan zen azkeneko aldiz

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Gasteiz miresten zuen Pardo Bazanek. FERRER /WIKIMEDIA

Gaurko egunez 1920an

Gasteizko Udalak 1974an eman zion idazle, saiogile eta kazetari galiziarraren izena Uletako industrialdeko kale bati. Eleberrigileari eskaini zioten kale hura, ez soilik bere ibilbideagatik, baita Gasteizekin izan zuen harremanengatik ere. Hiria maiz bisitatu zuen, bere alaba Carmen eta Blancarekin batera igaro zituen denboraldietan. Izan ere, Blanca Jose Cavalcanti jeneralarekin ezkondu zen, Arabako gobernadore militarra zena, eta Manuel Iradier kalean bizi zen bikotea. Pardo Bazan 1920ko urriaren 30ean etorri zen azkenekoz Gasteizera. La Libertad egunkarirako egin zituen kroniketan, idazleak Jose de Riberaren Cristo Crucificado margolana nabarmendu zuen, hura begiratzeak Gasteizerako bidaia justifikatzen zuela esanez.

Eta gainera...

1981-10-27 Katixa Agirre idazlea jaio zen, Gasteizen. 2007an argitaratu zuen bere lehen liburua, Sua falta zaigu, ipuinek osatutakoa. EHUko irakaslea da.

1936-10-2 Madrilen fusilatu zuten Ramiro de Maeztu. Frankismoaren lehen "martiri" ofizialetako bat bihurtu zen, eta erregimenaren arkitekto ideologikoa.

1907-10-31 New Club kirol elkartea ofiziala egin zen hirian. Joaquin Rossi izan zuen lehen presidentea. Futbolaz gain beste kirol batzuk ere hartzen zituen.

1834-10-27 Lehen Karlistaldian, Zumalakarregik gidatutako karlistek liberalen aurkako garaipena lortu zuten Dulantzi eta Arrieta inguruan.

 

2018-10-28 94 urte zituela hil zen Ramon Jimenez Martinez Zape. Hiriko gerraosteko pertsonaia ezaguna izan zen, umorista, pailazo eta imitatzaile gisa.

 

1476-10-22 Forjas Alavesasek eta Gobernuak akordio ekonomikoa sinatu zuten, instalazioak handitzeko. Zerga onurak eman zitzaizkion enpresari.

1983-10-31 Aparkalekua arautzeko TAOa martxan jarri zuten Gasteizen. Urriaren amaieran martxan zegoen eta 1.700 aparkaleku inguru biltzen zituen.

1891-10-27 Ramon Belaustegigoitia Rabel laudioarra, idazle eta Athletic Clubeko jokalaria, jaio zen. Euzkadi en llamas idatzi zuen, Mexikotik, 36ko gerrari buruz.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago