Osakidetzako greba eragin handia izaten ari da Araban

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Manifestazioa egin dute eguerdian Gasteizen Osakidetzako langileek. EKAITZ ANDA

Txagorritxuko Pediatriako kanpo kontsultak eta laborategi eta analisi klinikoen zerbitzua, Santiago ospitaleko ebakuntza gelak eta San Martin, Salburua eta Zabalganeko anbulatorioak dira grebak gehien eragin dituen zerbitzuetako batzuk.

Osakidetzako langileen grebak eragin nabarmena izaten ari da ostiral honetan Arabako osasun zerbitzuetan. SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatu deitzaileen arabera, jarraipen handia izaten ari da ospitaleetan, osasun zentroetan eta osasun zerbitzuetan orokorrean. Hainbat zerbitzu itxita daudela eta kontsulta askok ohiko jarduerarik gabe jarraitzen dutela jakinarazi dute sindikatuek.

Araban, Txagorritxu ospitaleko Pediatriako kanpo kontsultak eta laborategiak eta analisi klinikoak egiten dituzten zerbitzuak dira grebaren eragin handiena izan duten zerbitzuetako batzuk. Santiago ospitaleko ebakuntza geletan ere jarduera ia erabat geldirik dagoela adierazi dute sindikatuetako iturriek.

Lehen Mailako Arretari dagokionez, Gasteizko San Martin eta Zabalganeko osasun zentroetan erizaintzako eta administrazioko langile guztiek bat egin dute grebarekin, sindikatuen arabera. Horrek eragina izan du ohiko kontsulten eta administrazi -arretaren funtzionamenduan.

Greba osteguneko 22:00etan hasi zen, eta ostiraleko 22:00ak arte luzatuko da. Deialdia Osakidetzako langile guztiei zuzenduta dago, baina Euskadiko Medikuen Sindikatuak (SME) ez du bat egin mobilizazioarekin, Osasun Sailarekin medikuen kolektiboarentzako akordio propioa sinatu ondoren.

Gasteiztik kanpo, Espejoko gizarte etxeko gutxieneko zerbitzuak mediku batek eta erizain batek beteko dituzte gaur.

Ospitaleak jaiegun bateko langileekin

Greba egunean gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Ospitaleetan jaiegun bateko ohiko langile kopurua mantendu behar da, eta bermatuta daude ospitaleratutako pazienteen arreta, larrialdi zerbitzuak, sukaldeko eta janari banaketako oinarrizko lanak eta ezinbesteko garbiketa lanak.

Halaber, bermatuta daude dialisi saioak eta aurrez programatutako minbiziaren aurkako tratamenduak. Ezin atzeratu daitezkeen prozedurak ere egingo dira, hala nola Zainketa Intentsiboetako Unitateetako jarduera, erditzeak, jaioberrien arreta eta iktus-unitateetako zerbitzuak.

Osasun zentroetan, berriz, larunbat bateko ohiko zerbitzuak eta langile kopurua mantendu behar direla zehaztu da. Etengabeko Arreta Guneek (EAG) eta larrialdi zerbitzuek langileen %100 izango dute, eta osasun erakunde integratuetako telefono bidezko arreta zerbitzuek ohiko langileen erdia izango dute gutxienez.

Lan baldintzak hobetzeko eskaria

Osakidetzako mahai sektorialeko sindikatu guztiek SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT deitu dute greba, Osakidetzako langile guztien lan baldintzak hobetzeko eta lan hitzarmen berria negoziatzeko eskatzeko. Sindikatuek salatu dute hamazazpi urte baino gehiago igaro direla lan-baldintzak arautzen dituen akordioa osorik berritu gabe, eta zuzendaritzak ez duela proposamen zehatzik aurkeztu soldatak hobetzeko.

Lanaldia, baimenak, oporrak, kontziliazioa eta erretiroa dira negoziazioan landu nahi dituzten gaietako batzuk. Horrez gain, plantilla nahikorik ez dagoela, lan karga handiegia dela eta absentziak behar bezala estaltzeko zailtasunak daudela salatu dute.

Sindikatuen ustez, Osakidetzak ez du aurrerapauso nahikorik eman negoziazio mahaian, eta langile guztientzako hobekuntza errealak eskatu dituzte. Urriaren 28an Gasteizen egindako azken bilera ere aurrerapauso esanguratsurik gabe amaitu zela adierazi zuten.

Urriaren 30eko greba mobilizazio egutegiko lehenengo lanuztea da. Abenduan beste hiru greba egun izango dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: hilaren 9an lurraldeko langileei zuzendutako deialdia egingo dute, eta hilaren 14an Osakidetzako langile guztientzako beste greba bat izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago