Israelek Zisjordanian sartzea eragotzi dio Josu Estarrona EH Bilduko senatariari

Josu Estarrona EH Bilduko senataria. EH BILDU

Progressive Internationalen nazioarteko ordezkaritza batekin bidaiatzen ari zen Arabako hautagaia, Zisjordaniako oliba-bilketan eta gizarte zibilaren topaketa batzuetan parte hartzeko asmoz.

Israelgo agintariek Zisjordanian sartzea eragotzi diote Josu Estarronari, EH Bilduko senatari eta Arabako hautagaiari. Allenbyko mugan 12 orduz atxikita eduki eta soldaduek galdekatu ondoren ukatu diote sarrera. Estarrona Progressive International erakundeak antolatutako nazioarteko ordezkaritza batekin bidaiatzen ari zen, Birzeit Unibertsitateko kongresu batean parte hartzeko eta nekazaritza komunitateak ezagutzeko asmoa zuen. Talde berean Erresuma Batuko eta Eskoziako hainbat parlamentari ere baziren, hala nola Clive Lewis eta Lara Bird.

EH Bilduk gogor salatu du gertatutakoa, Israel okupazioaren errealitatean "lekukorik" nahi ez duela adierazita. Koalizio subiranistaren arabera, gertakari hau palestinarrek egunero pairatzen duten kontrol eta murrizketa sistemaren adibide txiki bat besterik ez da. Gainera, testuinguru kezkagarri batean gertatu da: NBEren arabera, irailetik urrira bitartean kolonoen 272 eraso baino gehiago dokumentatu dituzte oliba bilketan, 200 zauritu eta labore ugari suntsituz.

EH Bilduk Gazako genozidioa salatu du eta Israelen zigorgabetasunarekin amaitzeko nazioarteko presioa eskatu du. Bat dator horretan NBEren ikerketa batzorde independentearekin; urriaren 26ko azken ondorioen arabera, Gazan ekintza genozidek jarraitzen dute eta Zisjordanian egoerak txarrera egin du. Indar subiranistak Palestinarekiko elkartasuna eta harreman politikoak sendotzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago