Garbiñe Ruiz izango da Podemosen zerrendaburua Kongresurako

Garbiñe Ruiz Gasteizko Udalean zinegotzia da duela zazpi urtetik. PODEMOS

Fronte Zabalaren zerrendan Jose Damian Garcia-Moreno joango da aurrena. PPk Daniel Garcia aurkeztuko du Senaturako zerrendaburu, eta Voxek bakarra aurkeztuko du, PPrekin egindako akordioaren ostean.

Azaroaren 29ko hauteskunde orokorretarako Garbiñe Ruiz izango da Kongresurako zerrendaburua Podemosen aldetik, alderdi moreak gaur ezagutzera eman duenez. Duela zazpi urtetik Gasteizko Udalean zinegotzia da Ruiz, eta azken legegintzaldian udal taldeko bozeramalea izan da; modu berean, Podemos Euskadiko hainbat erkidego mailako organotako kide izan da: feminismoen eta LGTBI+ arloko idazkaritzan eta Kulturaren arduraduna. Gipuzkoarako Maite Gartzia eta Bizkairako Jose Manuel de Pablos zerrendaburuak izango direla ere argitu du gaur alderdiak. Senaturako, berriz, Juan Miller proposatu dute. 

Fronte Zabalak ere bere hautagaiaren berri eman du: gaur egun Elkarrekin Arabako batzarkide Jose Damian Garcia-Morenok gidatuko du hauteskundeetarako zerrenda. Harekin batera joango dira Sumar Mugimenduko Edurne Garcia, Mikel Rodriguez —Berdeak—, eta Antonia Galiot —Ezker Anitza-IU—. Senaturako ez dute hautagaitzarik arkeztuko Araban, PSE-EErekin sinatutako akordioari jarraiki.

Alderdi Popularrak, bestetik, iragarri du Daniel Garcia Bastidako alkate eta batzarkidea izango dela Senaturako hautagaitzaren burua. Atzo jakin zen PPk eta Voxek akordioa lortu dutela Senaturako hautagaitzak banatzeko zenbait probintziatan, dituzten hauteskunde aurreikuspen arabera ahalik eta boto gehien eskuratzeko Espainia mailako eskuinarentzat eta ultraeskuinarentzat. Araba ere sartu dute banaketa horretan, eta, horren arabera, Voxek hautagai bakarra aurkeztuko du, probintzia bakoitzeko dauden lau senatarietatik hiru hautatu daitezkeen boto paperetan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago