Jose Mari Errekarte Fernandez de Lezea (Zumarraga, 1943) zendu da, Arabako ikastolen sarea eraikitzeko prozesuan ezinbesteko eragilea. Agurainen langile zela, baldintza zailen artean, euskarazko lehen gelak eta ikastolak irekitzeko ardura bere gain hartu zuen. Argia aldizkarian eginiko elkarrizketan gogoratu zuenez, garai hartan dena zailagoa zen frankismoaren diktadurapean: "Patxi zaharra bizirik zegoen, haren esku zeuden instituzio guztiak, udal, diputazio eta denak! Okurritu ere ez haietara jotzea!". Hori dela eta, parrokia eta elizako erregistroak kontsultatuz lortzen zituzten datuak: "Parrokietan haur guztien izenak zeuzkaten, eta haurren gurasoenak. Elizaren erregistroak kontsultatu, zerrenda osatu, eta martxan jartzen ginen".
Rekarteren helburu nagusia euskara eta euskal kultura Arabako eskualde ezberdinetan berreskuratzea zen, euskararen presentzia oso txikia zen bazterretan ere. Aguraingo esperientziatik abiatuta, ekimen horri esker lortu zuen ikastolak eta gelak irekitzea Araian, Legution eta baita Arabako Errioxan ere. Egindako lan eskergaren emaitzaz galdetuta, berak oso garbi zuen harridura eta poza: "Ikaragarria! Nork pentsatu behar zuen, garai hartan, gaurko egunean daukaguna eduki behar genuela? D eredua izango zela nagusi irakaskuntzan?".