Azaroaren 6an abiatuko da XI. All in da House freestyle txapelketa

2026ko urtarrilean ospatu zen X. edizioko finala Gasteizen. ALEA

Oñatiko Antixenako Gaztetxean izango da aurkezpen saioa, iazko finalistak eta indahousetarrak izango dira oholtza gainean. Arrotxapea, Gernika eta Hendaiatik pasa ostean helduko da finala Gasteizko Gaztetxera, urtarrilaren 23an. 

XI. edizioa du All in da House freestyle txapelketak, euskal preso politikoen aldeko rap inprobisazio lehiaketak. Gasteizen jaiotako egitasmoa Euskal Herri osora zabaldu da azken urteetan, eta aurten ere herrialde ezberdinetatik egingo da saioen bira, gaztetxe eta gune autogestionatuetan barrena.

Oñatin izango da edizio berriaren aurkezpena, Antixenako Gaztetxean, azaroaren 6an. Urtero bezala, aurreko edizioko finalistek ez dute edizio berrian parte hartzen, jaialdira jende berria batu nahian. Txapelketan parte hartuko ez badute ere, iazko finalistak arituko dira oholtza gainean Oñatin, beste indahousetar batzuekin batera, 21:00etatik aurrera, Kanaky DJak lagunduta. Rap Showcasea eta pintxada ere izango dira ondoren, gaua borobiltzeko.

Iaz lehen aldiz Iruñera ere heldu zen All in da House, aurkezpena egin zen Arrotxapeako El Hadji gune autogestionatuan, eta XI. edizioan bertan izango da lehen "saio puntuagarria", azaroaren 20an. Abenduaren 11n Gernikako Astra Kultur Fabrikara bidaiatuko du saioak, eta azken kanporaketa abenduaren 18an izango da Hendaiako Enbata Gaztetxean.

Sailkapen fasea pasata, urtero bezala urtarrila amaieran izango da finala Gasteizko Gaztetxean. Urtarrilaren 23an helduko da aurten muinoko etxera Euskal Herriko euskarazko freestyle eszenaren egun handietakoa bilakatu dena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago