Euskara ardatz izanda komunitateen arteko zubiak eraiki nahian aritu dira Aiaraldean azken urtean, Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz, eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren ekimenez. Amazigera eta arabiar hiztun komunitateak eta komunitate euskaldunaren arteko harremanak sakontze aldera hainbat tresna garatu dituzte, hiru hizkuntzak batzen dituen oinarrizko hiztegi bat, kasu.
Aiaraldeko esperientzia Araba osora zabaldu nahi dute orain, eta Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean aurkezpena egingo dute datorren astelehenean, urriaren 26an, 18:00etan. Bertan azalduko dute Aiaraldean egindako ibilbidea, Euskara zubi metodologia zertan datzan, eta hiztegia bera ere aurkeztuko dute. Arabako hainbat txokotan zehar zabaldu asmo dituzte tresna hauek.