Paul Urkijok hasi du bere film berriaren filmazioa: Hiru olatuak. Zinemagile gasteiztarrak garaiko zinema alde batera utzi du lehenengo aldiz, eta orainean kokatu du istorioa, euskal mitologiaren itsasoko kondaira bat berreskuratuta. Iñigo Aranbarri eta Fariba Sheikhan aktore protagonistekin batera, besteak beste, Urko Olazabalek, Ramon Agirrek, Iñaki Beraetxek, Iñake Irastorzak eta Belen Cruzek parte hartuko dute.
Euskaraz izango da, orain arteko lanak baino aurrekontu handiagoa izango du, eta gidoia Caye Casasekin batera idatzi du Urkijok. Naturaz gaindiko thriller azkar bat du buruan; "eromenez, kresalaz, alkoholez eta itsas sakoneko arriskuz betetako esperientzia" eskainiko dio ikusleari. Pelikulako protagonista Isaac da (Iñigo Aranbarri), Marta emaztearekin (Fariba Sheikhan) aita izatear dagoena. Duela 30 urte aita itsasoan itota hil zitzaion, eta oroitzapen horrek kolpatuta bizi da. Bikoteak aitaren jatorrizko herrira bueltatzea erabakiko du, eta bertan aita berriro agertu dela ikusiko dute.
Proiektua nazioarteko koprodukzio bat da (Irusoin, Ikusgarri Films, Hiru olatuak AIE eta 34T), eta Eusko Jaurlaritzaren, ICAAren zein EITB, RTVE, HBO Max eta Movistar Plus+en babesa du.