Askek "muntai poliziala eta mediatikoa" salatu du terrorismoagatik atxilotutakoen auzian

Muntai poliziala salatu du Askek Gasteizko Santa Maria plazan. ASKE

Aske antolakundeak salatu du terrorismo delituak "oinarririk gabeko frogetan" sostengatzen direla. Bi auziperatuak aske uzteko eskatu dute, eta Jardun koordinadoraren aurkako kriminalizazio kanpaina salatu.

Errepresioaren aurkako eta amnistiaren aldeko Aske antolakundeak agerraldia egin zuen atzo Gasteizen, salatzeko Malen Grunig eta Aratz Bilbaoren aurka abiatutako auzia "muntai polizial eta mediatiko bat" dela, eta atxiloketen helburua dela "militantzia politikoa kriminalizatzea eta gizartean beldurra zabaltzea".

Hiru pertsona identifikatu zituzten irailaren 26an Eskoriatzan egindako kontrol batean; autoa miatu eta zeramaten materiala kendu ondoren aske utzi zituzten. Handik hiru astera atxilotu zituzten Grunig eta Bilbao, eurak bertaratu zirenean Irungo Ertzaintzaren komisariara.

Askeren arabera, larunbatetik aurrera Espainiako Estatuko hainbat hedabidek "kanpaina mediatiko bortitza" abiatu dute auziperatuen eta Jardun koordinadoraren aurka. Salatu dute atxilotuen datu pertsonalak zabaldu direla, kontrolean ateratako argazkiak sare sozialetan hedatu direla eta Jardunen aurkako "gezurrez beteriko akusazioak" egin direla.

"Baliorik gabeko frogak"

Antolakundeak auzitan jarri du epaileak terrorismoarekin lotutako delitu larriak egozteko erabilitako frogen sendotasuna. Haien esanetan, akusazioetako bat sostengatzeko aurkeztutako materialaren artean dago, esaterako, su-itzalgailuak pinturaz betetzeko modua azaltzen duen bideo bat, eta horrekin "armak eta lehergailuak fabrikatu eta edukitzea" delitua egotzi zaie auziperatuei.

Askeren esanetan, auziperatuek ez dute defentsarako bermerik izan, eta hedabideetan sortutako giroak eragina izan du prozesu judizialean. Antolakundeak adierazi duenez, abokatuek salatu dute akusatuen azalpenak ez direla behar bezala kontuan hartu.

Bi auziperatuek behin-behineko espetxealdia dute ezarria terrorismoarekin lotutako hainbat delitu egotzita. Testuinguru horretan, Askek uste du kasua Jardun koordinadoraren eta, oro har, militante independentista eta sozialisten aurkako kriminalizazio estrategia baten parte dela. Elkartasuna adierazi diete atxilotuei eta haien senideei, eta biak "lehenbailehen" aske uzteko eskatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago