Motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten beste 60 pertsona biktima gisa aitortu ditu Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Balorazio Batzordeak. Agerraldia egin dute Juana Balmaseda presidenteak eta Jon Mirena Landa batzordekideak Eusko Legebiltzarrean.
Legebiltzarrean aurkeztutako urteko seigarren txostenaren arabera, batzordeak 230 espediente ebatzi ditu, 2025eko uztailetik 2026ko ekainera bitartean. 166 eskaera ez dituzte onartu, gehienak epez kanpo aurkeztu zirelako, eta lau kasutan eskatzaileek atzera egin dutelako.
Biktima bezala aitortu dituzten 60 pertsonetatik, 54k torturak edo tratu txarrak jasan zituzten; lau pertsonak Poliziaren edo talde parapolizialen tiroen ondoriozko lesioak izan zituzten, eta bik gomazko pilotek eragindako zauriak. Txostenak bi heriotza kasu ere jasotzen ditu: bat torturen ondorioz gertatutakoa (Esteban Muruetagoiena) eta bestea Poliziak tiroz hil zuen Jose Maria Iturrioz Garmendia.
Aitortutako 60 biktimetatik 51 gizonak dira eta 9 emakumeak. Biktima gehienak gipuzkoarrak dira. Halaber, txostenak Gasteizko Hala Bedi irratiko bi kideren kasua jasotzen ditu biktimen artean: kazetari bat eta tabernari bat.
Prozedura mingarria
Azken urteko jardueraren ondoren, 305 pertsona aitortu ditu biktima gisa batzordeak legea aplikatzen hasi zenetik. Hala ere, 284 espediente daude oraindik aztertzeko zain. Gainera, 400 eskaera baino gehiago jaso dituzte ezarritako epetik kanpo.
Batzordeak ohartarazi du prozedura luzea eta mingarria dela biktimentzat eta haien senideentzat, eta zenbait espedienteren atzerapenek sufrimendua areagotzen dutela.
Batzordeak 2016ko uztailaren 28ko 12/2016 Legearen esparruan egiten du lan. Lege horren helburua da 1978tik 1999ra bitartean Euskal Autonomia Erkidegoan motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimei aitortza eta erreparazioa ematea.