Palestinarekin Elkartasuna plataformak agerraldia egin du gaur Gasteizen, Baskoniak datozen hilabeteetan Hapoel Tel Aviv eta Maccabi Tel Aviv talde israeldarren aurka jokatu behar dituen partidak salatzeko. Plataformaren arabera, Israelgo klub horiek ez dira kirol erakunde hutsak, baizik eta "estatu genozidaren kirol enbaxadore" gisa jarduten dutela. Israelgo armadarekin dituzten harreman zuzenak ere seinalatu dituzte.
Aldaketarik ezean azaroaren 17an eta abenduaren 4an izango dira Hapoel eta Maccabiren partidak Gasteizen. Baskoniak eta Euroligak oraindik ez dute argitu partidak nola jokatuko diren, ateak itxita edo zabalik, edo bestelako neurriren bat hartuko den. Palestinarekin Elkartasuna taldeak ez du mobilizazio zehatzik iragarri oraindik, baina aurreratu dute boikoterako deia egingo dutela, eta partidarako asmoak argitu ahala azalpen gehiago emango dituztela adierazi dute, datozen asteetarako ekimen berriak aurkeztuz.
Agerraldian hainbat eragileri egotzi diete partida horiek egitearen ardura. Bereziki, Euroligari leporatu diote Israelgo taldeei lehiaketan parte hartzen uztea; Baskoniaren zuzendaritzari, berriz, neurketak ez jokatzeko aukera izan arren pausorik eman ez izana. Era berean, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala ere aipatu dituzte, bakoitzak bere eskumenen esparrutik ekitaldiak geldiarazteko aukerak dituela argudiatuta. Plataformatik salatu dute erakunde horietako batek ere ez duela orain arte neurririk hartu.
Palestinarekin Elkartasuna taldearen arabera, ez da onargarria Israel "normalizatzea" helburu duten jarduerak egitea Gasteizen edo Euskal Herrian, eta adierazi dute Palestinarekiko elkartasunak eskatzen duela Israelekin era guztietako harremanak etetea. Kolektiboak nabarmendu du kirola erabiltzen duela Israelek proiektu sionistaren irudia hobetzeko, eta salatu nazioarteko harreman instituzional, ekonomiko eta kulturalek zilegitasuna ematen diotela.