Kubako bi zahar etxetara energia fotovoltaikoa eramango du aldundiak

Juanma Gallego

La Habana, artxiboko irudi batean. WIKIMEDIA COMMONS

Foru gobernuak 96.000 euroko diru laguntza zuzena eman dio Euskal Fondoari, Elkarrekin Arabarekin adostutako partida bat gauzatuz.

Arabako Foru Aldundiak 96.428 euroko diru laguntza zuzena onartu dio Euskal Fondoari, Habanako (Kuba) Alde Zaharreko adinekoentzako bi egoitza babestutan sistema fotovoltaiko autonomoak ezartzeko. Laguntza horrekin, argindarraren hornidura etengabea bermatu nahi dute bertan.

Foru Gobernu Kontseiluak urriaren 13an hartutako erabakiaren arabera, ekimenak Habana 620 eta San Ignacio y Lamparilla egoitzak hornituko ditu energia fotovoltaiko bidez. Proiektuaren helburua da adineko pertsonentzako bi egoitzetan elektrizitate hornidura bermatzea, sare elektrikoaren etenek erabiltzaileen bizi baldintzetan duten eragina murrizteko. Aurreikuspenen arabera, 136 pertsonari eragingo die zuzenean, horietatik 82 emakumeri eta 54 gizoni; zeharka, beste 12 pertsona ere onuradun izango direla dio aldundiak. 

Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailak agirian argudiatu duenez, laguntza zuzena emateko arrazoien artean daude Euskal Fondoak Kuban duen "esperientzia" eta uharteak bizi duen "egoera humanitario larriari" erantzuteko beharra. Diru laguntza hori ez dago desglosatuta, eta erabakiak onartu du "gastuen esleipena gutxi gorabeherakoa" izango dela, eta horien artean "zenbatekoak transferitu ahal izango" direla, Sailaren oniritziarekin.

Aurtengo aurrekontuen alde bozkatzeko Elkarrekin Araba batzarkide taldearekin egindako akordioaren gauzatzea da diru laguntza hau, horietan 'Kubako herriari laguntzeko' 100.000 euroko partida aurreikusten baitzen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago