Mikel Otero izango da EH Bilduren Kongresurako zerrendaburua Araban

Anakoz Amenabar

Iñaki Ruiz de Pinedoren ordezkoa izan zen Kongresuan. EH BILDU

Eba Blanco joango da zerrendako bigarren tokian eta Josu Estarronaren aldeko apustua berretsi dute Senaturako.

Mikel Otero gidari duela ekingo dio EH Bilduk Arabako hauteskunde lehiari, Kongresurako zerrendaburu jarrita. Suhiltzailea lanbidez, Iñaki Ruiz de Pinedoren ordezko gisa sartu zen Otero Kongresuan, haren erretiroaren ondoren, eta, batik bat, trantsizio ekologikoari zein energetikoari lotutako gaietan aritu da. Azaroaren 29ko hauteskundeetan, Gorka Urtaran (EAJ), Javier Hurtado (PSE) eta Iñaki Oiarzabal (PP) hautagaiak izango ditu lehiakide.

Kongresurako zerrendan Eba Blanco Eusko Alkartasunako idazkari nagusia eta Eusko Legebiltzarreko bigarren lehendakariordea izango da EH Bilduren bigarren tokian Arabatik. Zerrenda Jon Ruiz de Pinedo antropologoak eta Aitziber Salazar Gasteizko zinegotziak osatuko dute. Ordezko gisa, Jose Manuel Villanueva Gutierrez Oiongo alkatea, Ainize Gastaka Martinez Laudioko alkatea eta Agustin Otsoa Eribeko Landa Gorbeialdeko Kuadrillako presidentea aurkeztuko dituzte.

Bestalde, Senaturako hautagaitzari dagokionez, EH Bilduk Josu Estarronaren aldeko apustua egin du berriro ere. Arabako eserlekua lortu zuen Estarronarekin batera arituko dira Ainhize Solaun gizarte-integratzaile eta kultur kudeaketako teknikaria eta Manu Martinez Zientzia Politikoetan graduatua eta EH Bilduko Nazioarteko Harremanetarako taldeko kidea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago