Kubatik "etxera" egindako azken bisitan harrapatu dugu Mikel Marota (Gasteiz, 1965), eta irlako egoera eta bizipenak ekarri dizkigu ALEAra.
1991n joan zinen hara bizitzera, eta hilabetera Sobietar Batasuna erori.
Hori da, uztailean heldu nintzen ni eta abuztuan erori zen SESB. Katastrofe bat izan zen hori. Jada eroria zegoen Ekialdeko Europa, eta Kuba bakarrik gelditu zen. Lehen "periodo berezia" izan zen. BPGa %30 erori zen, eta blokeo bikoitza zegoen, Mendebaldeko blokeoa, Estatu Batuena, eta blokeo gehigarria ekialdeko Europako herrialdeena. Sozialismoarekin amaitu nahi zuten, kosta ahala kosta. Urte zailak izan ziren.
Gerora egoera hobetu zela diozu.
Bai, 94an edo, baltseroen krisiaren ostean. Jende asko joan zen, eta bizi baldintzak hobetu ziren irlan. Dolarra despenalizatu zen, eta pribatizazio saiakera txikiak egiten hasi ziren. Egoera hobetzen joan zen, eta 98an Chavezek irabazi zuen Venezuelan. Petrolioa sartzen hasi zen handik, hitzarmen asko egin ziren, osasunean, hezkuntzan, kirolean. Baliabide asko sartzen ziren Venezuelatik, asko hobetu zen 2000ko hamarkadan. Eta gero Trump etorri zen.
Obamarekin ere eman ziren aldaketak Trumpen aurretik, ezta?
Parentesi bat izan zen, desizoztea; Kuba atera zuen terrorismoaren laguntzaileen zerrendatik, eta masiboki etortzen hasi zen turismo estatubatuarra. Estatuak apustua egin zuen hor, aurrekontuaren %30 inbertituz hoteletan, eta gerora ikusi da hori akats bat izan zela. Gero Trumpek hitzarmen guztiak hautsi zituen, turismoa bera debekatu zuen, zigor gehiago jarri… eta bigarren agintaldian are gehiago. Kubako ekonomia itoarazten ari dira. Hori izan da haien apustua, petroliorik ez sartzea, produkturik ez sartzea. Orain enpresa pribatuek soilik jaso ditzakete produktuak, haiei bai uzten diete inportatzen, baldintza bezala jarrita ez joatea batere dirurik Estatuarentzat. Hori da egun daukagun egoera.
Nolakoa izan da zure bizitza urteotan?
Ezkondu egin nintzen, dibortziatu ere bai; lanean aritu naiz leku ezberdinetan, plastiko fabrika batean, gero argazkilari, enpresa batean zaindari, Kultura Ministerioan ere aritu nintzen. Ikasten ere ibili naiz, eta baita Ondarroako enpresa batentzat ere. Azkenaldian Mipyme batean, enpresa pribatu txiki batean aritu naiz auto zatiak saltzen, bisitan etorri arte.
"Eroskira sartzea sentsazio kontsumisten txirrista bat da. Hemen oso erraza da edozer gauza konpontzea"
Asko aldatu da Kuba urteotan?
Bai. Nik ezagutu nuen Kubak ez du zerikusirik oraingoarekin. Betidanik izan du kultura aberastasun handia, aukera asko daude, eta herrialde oso ederra da, paisaia zoragarriak ditu, jende oso soziablea... baina noski, asko zaildu da orain. Krisia gizakien okerrena eta onena ateratzen ari da. Delinkuentzia asko igo da, bizitza oso garestia da, soldatek ez dute ematen, ez dago elektrizitaterik. Oraingoa da azken 35 urteetan ikusi dudan Kuba okerrena.
Nabaritu da AEBek blokeoa gogortu izana?
Blokeoa beti egon da, baina orain neurri askoz gehiago ezarri dituzte. Enpresa atzerritar guztiei presio egiten ari dira, ontzigintzakoak, petrolio enpresak, hotel mundukoak... Atzerriko inbertsio guztia presionatzen dabiltza, eta gehienak joaten ari dira. Sinestezina da nazioarteko komunitateak hau onartzea. Baina ikusita Gazan egiten dutena... Nazioarteko testuinguruaren arabera nabaritzen da blokeoa. Laguntza izan dugunean, izan Venezuelatik, izan Errusia, Iran, Nikaragua... saihestu ahal izan dugu. Baina orain bakarrik dago praktikan.
Kubatik asko begiratzen da Miamira, mendebaldera?
Bai, eta orain sare sozialekin gehiago, mundu guztia hor harrapatuta dagoenez. Hori ere bada gerra fronte bat, eta AEBek baliabide asko sartzen dituzte hor. Gazte asko joaten ari dira, joateko aukera dutenak. Konplexua da niretzat ere, prozesua defendatzea eta kritikatzea, aldi berean; oreka bat da. Akats asko egin dira. Handiena pandemia osteko berrantolaketa ekonomikoa; nahaspila ekonomikoa ekarri zuen eta kanbioaren kontrola galdu dute. Orain Miamitik agintzen da zenbat balio duen pesoak, eromena da. Ez du zentzurik.
Pandemiatik gainbehera azkarra izan dela esan duzu.
Inflexio puntu bat izan zen, ekonomia aldetik, eta horrek ekartzen ditu bestelako kontu sozialak eta. Pandemia bera kudeatzen baliabide asko sartu ziren, mundu guztia isolatzen hoteletan, mila milioi dolar gastatu zituzten, txertoak ere egin zituzten... eta oso ikutua atera zen Kuba ekonomikoki. Eta orain ez da ia turismorik sartzen. Turismo estatubatuarra galdua zegoen Trumpekin, eta orain europarra ere galdu da.
Sektore pribatua indartzen ari da Kuban, Mipyme enpresa asko sortu dira.
Hori da orain egiten ari diren apustua. Beno, ez dute beste aukerarik. Estatua deskapitalizatua dago, bai ekonomikoki eta bai giza baliabide aldetik ere. Jendea sektore publikotik joaten ari da, soldatek ez dutelako bizitzeko ematen. Sektore pribatuan altuxeagoak dira eta pixka bat errazago heldu zaitezke hilabete bukaerara.
Pribatuek badute inportatzeko baimena.
Bai, Estatu Batuetatik uzten dietelako. Borroka ideologikorako tresna da, esateko pribatuak funtzionatzen duela. Sektore pribatu indartsua sortu nahi dute, eta haiek izan daitezela azkenean agintzen dutenak. Baina ere pribatua ikaragarri garestia da, eta jendeak ez du babesik horren aurrean. Prezioak etengabe igotzen dira, eta nahiz eta produktu batzuetan mugak jarri dituen gobernuak, batez ere elikadura kontuetan, jendeak ezin du ia erosi.
"Kubatarrak oso harroak dira orokorrean. Askok aldaketa nahi dute, baina ez estatu batuak etortzea agintzera"
Nola egiten zaio aurre horri egunerokoan?
Erresistentzia lasterketa bat da, nik uste. Azken finean, nazioartean gertatzen denaren menpe dago Kuba. Ikusita nola bukatzen diren zenbait gatazka, ikusiko dugu Kubarekin zer gertatuko den. Pieza bat gehiago da oraingo mugimendu tektoniko geopolitikoetan.
Saiakerak egiten ari dira BRICS herrialdeekin kokatzeko, Txinarekin.
Bai. Hori da tunelaren amaieran ikusten den argi bakarra. Besterik ez dago. Uste dut bere baliabide propioekin zaila dela Kuba orain aurrera ateratzea. Txinak inbertsio handia egin du eguzki plaketan adibidez, eta badoa pixkanaka, argi mozketak gutxitzen ari dira. Ea mantentzen den. Elektrizitatearen kontua da korapilatsuena, argindarrik ez badago ez dago urik, ez dago gasik, ez ezer. Hainbeste esfortzurekin erositako janaria txarra jartzen da... ea hori konpontzen den, pauso handia litzateke.

Harremana izan duzu bertan beste euskaldunekin?
Bai. 2007ra arte ia batere ez, baina hortik aurrera hasi ginen elkartzen euskaldunak. Athletic-eko lagunarte bat sortu genuen; gu elkartzeko aterki bezala soilik, berez gehienak gipuzkoarrak ziren, Athletic gorroto zutenak, baina beno. Hasi ginen Aberri Egunak egiten, komunitate dinamikoago bat izaten. 30 bat euskaldun elkartu ginen hor, errefuxiatuak batzuk, edo han bizi zen jendea. Baina 30 horietatik bost bat geldituko gara, errefuxiatu asko itzultzen joan dira; eta beste arrazoiengatik zegoen jendea ere, gehienak joan egin dira.
Zu kubatarrak bezala bizi zara han?
Bai, kubatar bat gehiago naiz. Autoa daukat, baina gasolinaren kontuarekin aparkatu behar izan nuen. Azkenekoz hamar litro erosi nituenean 80 dolar kostatu zitzaidan, 10$ litroa. Nire hilabete osoko soldata baino gehiago.
Hona etortzean zerk harritzen zaitu?
Beno, Eroskira sartzean, ulertuko didazu, txirrista bat bezalakoa da, sentsazio kontsumisten txirrista bat. Horrek harritzen nau, hemen oso erraza dela edozer gauza konpontzea. Zerbait behar duzu, torloju bat, edozer, eta erraza da topatzea. Halako erraztasunak. Garraioa nahiko ondo ikusten dut, osasuna ere bai. Txagorritxun izan nintzen lagun baten aita bisitatzen, eta lehen munduko ospitale bat ematen du. Ikusten ditut hemen dauden arazoak ere eh, ez dela dena pagotxa.
Zer arazo ikusten dituzu hemen?
Lehenik, ideologia galdu dela. Ez dago eztabaida ideologikorik, asko harritu nau horrek. Politikan, bestela, betiko berdina pixka bat, baina maila sozialean harritzen nau. Kalea ahulago bezala ikusten dut, lehen mundu guztia zegoen Kutxin. Kuban ere nabaritzen dut falta hori, baina egoera gogorra delako. Ez baduzu jatekorik, edo ezin baduzu mugikorra kargatu, kontu ideologikoak bigarren planora pasatzen dira.
Orain bigarren periodo berezi bat bizitzen ari zaretela diozu.
Bai, baina ezberdina lehenengoarekiko. Aurrekoan mundu guztia zegoen berdin, denok geunden estu, eta zegoena banatzen zen. Fidel ere bazegoen oraindik, ezberdina zen. Bigarren periodo honetan, dirua daukanak denetik aurkitu dezake, bestela izorrai. Pribatuek badute, besteek ez. Baina pribatu gehienek ere ez dituzte AEBak ikusi ere egin nahi, badakitelako sartzen badira haien negozioak ere pikutara doazela.
Eta nola ikusten da Kubatik Miamiko oposizioa, Marco Rubio...?
Oposizioak beti izan du oso ospe txarra barruan. Estatu Batuen babesa dutenez beti, sinesgarritasuna galtzen dute. Kubatarrak orokorrean oso harroak dira. Ez dut uste inork nahi duenik, edo oso gutxik, Marco Rubio etortzea Kubaren patua agintzera. Hori ez dut uste gertatuko denik. Baina badago jende asko aldaketa nahi duena. Nonbaitetik zerbait egin behar da, bestela jai daukagu. Orain arte ez da protesta masiborik egon. Desadostasunak bai, noski, oso zaila delako bizitza, eta mundu guztia kexatzen da. Baina ez da "ea, puskatu dezagun hau eta etor daitezela amerikarrak". Esandakoa, erresistentzia lasterketa bat da, eta hemengo proiektu soziala oso polita zen.
Zer geratzen da egun proiektu sozial hartatik?
Gelditzen da, eta horregatik da arriskutsua. Horregatik ez dute uzten inork arrakastarik edukitzea; haien atzaparretatik ihes egiten baduzu ezin duzu arrakastarik izan, bestela frogatuko zenuke beste modu batera egin daitekeela. Izan Errekaleor, Gaztetxea, edo dena delakoa, berdin. Ezin da alternatibarik egon. Eta Kuban oraindik gelditzen da espiritu hori. Esfortzu handia egin da, adibidez, ikasturtea abiatzeko. Uniformeak, materialak... denetik lortu da, eta normaltasunez hasi da urtea. Hori da jende asko dagoelako lanean ia ezerren truke, gauzak ahalik eta hoberen egon daitezen. •
Mikel Marotta Habanan, kultur emanaldi batean. ERLANTZ ANDA