Tzan Tzan Festek Baratza eta Barrundia beteko ditu dantza garaikidez

Anakoz Amenabar

Marilisa Gallichio eta Alessia Sinatok 'Pack-back' lana eskainiko dute. TZAN TZAN FEST

Ana Pi, Miriam Perez Cazabon eta Olatz de Andresen proposamenak bilduko ditu hamaikagarren edizio honek, Kamikaze deialdi berriarekin batera.

Tzan Tzan Fest dantza garaikidearen jaialdia hamaikagarren ediziora iritsiko da, urriaren 17tik 25era bitartean Barrundiako kiroldegian eta Gasteizko Baratza aretoan egingo den egitarau zabalarekin. Egitarauak tokiko eta nazioko dantza garaikideko ikuskizunak bilduko ditu, baita tailer bat, solasaldi bat eta ikuskizun bakoitzari laguntzeko ardo dastaketa ere. 

Egitaraua urriaren 17an eta 18an hasiko da Baratza aretoan Ana Pirekin antolatutako Joy is not a metaphor/La alegría no es una metáfora dantza tailerrarekin. "Erritmo, presentzia, tentsio eta entzumeneko ariketa ludiko eta zorrotzen bidez, dantzariak gidari izango dira inoiz ikusi gabeko irudiak sortzeko eta konektatzeko". Gainera, berrikuntza gisa, Kamikaze deialdia irekiko dute, dekalogo jakin bat betez denbora gutxian pieza labur bat sortzeko prest dauden pertsona edo kolektiboak bilatzeko.

Ikuskizunak urriaren 23an hasiko dira, 19:00etan, Barrundiako kiroldegian, hiru proposamen laburrekin: Helena Willhelmssonen Trembling frequencies soloa, Marilisa Gallichio eta Alessia Sinatoren Pack-back lana, eta D'elas taldearen Velaquich amorch! pieza, zuzeneko musikarekin. Larunbatean, urriaren 24an, jarduera Baratzara aldatuko da. Arratsaldean Denbora eta sorkuntza prozesuak/Tiempo y procesos de creación solasaldi irekia egingo dute. Ondoren, 20:00etan, Miriam Perez Cazabonek 40.Bidegurutzea lana aurkeztuko du, eta saioa amaitzeko Candido Besa upategiak ikuskizuna aurkeztu edo laburbiltzen duen ardo bat aukeratuko du dastatzeko, pieza komentatzen den bitartean.

Jaialdiari amaiera emateko, urriaren 25ean, igandea, 19:00etan, Baratzan bi dantza pieza labur eta bideo-dantza bat proiektatuko dituzte: Olatz de Andresen Cuerpos que se entregan a aquello que va a desaparecer, Alba de Miguelen Grietas, eta abenduko saio baten aurrerapena izango den bideo-dantza bat. Egun horretan ere, Esti Besak aukeratutako Candido Besa upeltegiko ardo ezberdin bat dastatuko dute. 

Ikuskizunetarako sarrerak eskuragarri daude jada Baratzaren webgunean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago