Abuztuan Barrundian lehen kasua antzeman ostean, hausnarkariei eragiten dien mihi urdinaren 3 serotipoa dagoeneko Asparrenera eta Arraia-Maeztu da, orain jakin denez.
Alderdi Popularrak Batzar Nagusietan egindako galdera bati Noemi Agirre Nekazaritza foru diputatuak emandako erantzun batean baieztatu dute "posible" dela "beste kasuren bat agertzea", txertoaren estalduraren maila kontuan hartuta.
Txertaketaren datuei dagokionez, hil honen hasierako datuen arabera, Arabako 583 ardi ustiategietatik 95ek jaso dute txertoa, hau da, ustiategien %16,3k. Animalia kopuruari erreparatuta, 28.711 ardietatik 12.985 txertatuta daude, erroldaren %45,2.
Gainera, beste 3.500 animalia inguru txertoa jasotzeko zain daudela esan du Agirrek. Aintzat hartu behar da abeltzainentzat txertaketa doakoa dela, baina, alorreko Ministerioaren erabakiz, borondatezkoa.
Gaitzaren lehen foku ofiziala 2026ko abuztuaren 14an baieztatu zen Barrundiako ardi ustiategi batean. Ustiategiak 212 ardi zituen. Lehen analisia Eskalmendiko laborategian egin zuten, eta ondoren Algeteko (Madril) Erreferentzia Laborategi Nazionalak baieztatu zituen positibotasuna zein 3 serotipoaren presentzia.
Ardien artean 3 serotipoak %15era arteko hilgarritasuna du, baina Agirrek azaldu du orain arte gurean detektatutakoak "sintoma leunekoak" izan direla, eta guztiak "tratamendu sintomatikoarekin sendatu" direla.