Galbiati entrenatzailea kaleratu du Baskoniak

Aritz Martinez de Luna

Paolo Galbiati entrenatzailea. BASKONIA

Howard hegalekoak taldea utzi behar zuela jakinarazi eta ordu gutxira, entrenatzaile italiarra ere kanporatu duela iragarri du taldeak.

Zurrumurrua bolo-bolo ibili da azken asteotan. Markus Howard taldeko izarrak, eta soldatarik altuena zuen jokalariak, Baskonia atzean utzi eta beste talde batera joan beharra zeukala egintzat ematen zuten zaletu gehienek. Are nabariagoa zen erabakia jokalariak azken partidetan elastikoa janzteko aukerarik ere izan ez duela ikusita. Igandean baieztatu zuten zenbait iturrik albistea, eta gaur arratsaldean ofizialki iragarri du taldeak. Lau urteren ostean, Howardek taldea utzi du. Itxura denez, Dusko Ivanovicek gidatutako Zenit taldeak fitxatuko du jokalaria.

Baina albiste hau gutxi ez balitz, sorpresa erabatekoa izan da gaur arratsaldean. Baskoniak bere sareetan iragarri du Paolo Galbiati entrenatzailea ere kargutik kendu duela. Horrenbestez, 2025eko abuztutik zuten harremanari amaiera eman diote bi aldeek.

Eta arratsaldeko sorpresak borobiltzeko, Galbiati kanporatuta zegoela jakin eta minutu gutxira, Velimir Perasovic taldeko entrenatzaile berria dela iragarri dute Zurbaoko bulegoetatik. 

Udako hilabeetan zehar aireztatu ziren usteak gaur arratsaldez gauzatu dira azkenik. Galbiati gogoko ez zutela zioten ahotsek arrazoi izan dute azkenik, eta talde gasteiztarrak Perasovicekin akordioa aspalditik sinatuta zuela esan zutenek gaur jaso dute baieztapena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago