Arabako Foru Ogasunak 2025ean zerga iruzurrarekin lotutako salaketa bakarra bidali du fiskaltzara, hamahiru kasutan 120.000 eurotik gorako iruzur fiskalak atzeman dituen arren. Atalase hori da, hain zuzen, Zigor Kodeak ezartzen duena delitu fiskaltzat hartzeko.
Hala jasota dago EH Bilduren galdera bati Batzar Nagusietan Itziar Gonzalo de Zuazok Foru Ogasun diputatuak emandako erantzun batean. Aldundiak azaldu duenez, "120.000 euroko muga gainditze hutsak ez du berez eragiten Ogasun Publikoaren aurkako delitu bat egotea". Argudioari jarraiki, tipo penalak "bidegabearen elementu subjektiboa egotea eskatzen du, hau da, iruzur egitera bideratutako dolozko jokabide bat, eta zerga-administrazioak zantzuen arabera egiaztatu behar du bere salaketetan".
Dokumentuak erakusten du azken urteotan alde handia egon dela kopuru hori gainditu duten kasuen eta bide penalera eramandakoen artean. 2025eko salaketa bakarraz gain, 2024an lau kasu detektatu ziren, eta orduan ere haietako bakarra salatu zuten; 2020an, berriz, hamalau kasu atzeman ziren eta sei eraman ziren bide penalera. "Ordaindu ez den kuotak zenbateko hori gainditzen badu ere, jokabidea eremu penaletik kanpo gera daiteke" zenbait kasutan. Besteak beste, aldundiaren arabera, "konplexutasun tekniko handiko arazo bat", tributu araudiaren "arrazoizko interpretazio bat", zigor arloan eskatutako "doloarekin bat ez datorren arreta falta bat", zergadunaren heriotza edota "zenbatespen, presuntzio edo zeharkako metodoetan oinarritutako erregularizazio bat, zeinak ezin baitu behar besteko ziurtasunez egiaztatu iruzurrezko jokabide kontziente eta borondatezkoa dagoela".