Molinuevo eta Bengoa berriro izango dira EAJren alkategaiak Amurrion eta Legution

Anakoz Amenabar

Nerea Bengoa berriro izango da EAJren alkategaia Legution 2027ko hauteskundeetan. EAJ

Alderdi jeltzaleak egungo alkateak berretsi ditu Amurrion eta Legution, eta hautagai berriak aurkeztu ditu Arratzua-Ubarrundian nahiz Laudion.

Maiatzeko udal hauteskundeei begira prestatzen jarraitzen dute alderdiek, eta EAJk aurkeztu ditu dagoeneko lehendabiziko alkategaiak Araban, hainbat udalerritan karguan jarraitzeko helburuarekin zein alkatetzak berreskuratzeko asmoarekin.

Amurrion, Uri Batzarrak aho batez onartu du Txerra Molinuevo egungo alkateak hauteskunde zerrendaren buru izaten jarraitzea. Alderditik nabarmendu dutenez, Molinuevok "gertutasuna eta herritarren entzuketa aktiboa" ezarri ditu bere kudeaketaren erdigunean, eta hurrengo erronken artean tokiko industria babestea, gazteentzat etxebizitza zein lan aukerak sortzea, zerbitzu publikoak hobetzea eta administrazio batzordeekiko elkarlana sakontzea azpimarratu ditu.

Bide beretik, Legutioko alkatetzara berriro aurkeztuko da Nerea Bengoa egungo alkatea, agintaldian hasitako proiektuei jarraipena ematea helburu. Besteak beste, osasun zentro berriaren egitasmoa aurrera eramatea, zerbitzu publikoak sendotzea, tokiko ekonomia bultzatzea eta udalerria osatzen duten gune guztien beharrei erantzutea zerrendatu ditu eginbeharren artean.

Arratzua eta Laudio

Arratzua-Ubarrundian, aldiz, Amagoia Saez de Ibarra proposatu dute alkategai. Duran hazitako 44 urteko Enpresa Zientzietan diplomaduna 2015etik da zinegotzi eta egungo alkateordea da, 2024tik Arabako Batzar Nagusietako prokuradore izateaz gain.

Laudion, halaber, Ander Larrinaga hautatu du Uri Batzarrak hautagai gisa. 1988an jaiotako laudioarra Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da eta 2023tik Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapen eta Berrikuntza zuzendaria da. Aurretik Laudioko Udalean alkateorde eta zinegotzi izandakoa da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago