Guardia Zibilak bost pertsona atxilotu ditu Gasteizen, gazte indarkeriari lotutako 015 izeneko talde batekoak izatea egotzita. Atxilotuei hainbat delitu egotzi dizkiete: talde kriminal bateko kide izatea, indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurreta delituak, osasun publikoaren aurkako delituak, armak legez kanpo edukitzea eta indarkeriazko lapurreta bat egiteko ustezko konspirazioa.
Operazioaren barruan, agenteek taldeko kide nabarmenen etxebizitza bitan eta trasteleku batean miaketak egin dituzte. Bertan aurkitutako materiala konfiskatu dute, ikerketarekin lotutako aztarnak aztertzeko. Guardia Zibilaren arabera, aurretik desegindako beste gazte talde batzuen eredua jarraituz sortu zuten Gasteizen 015 taldea. Zehazki, Blood eta Trinitarios moduko erakundeen funtzionamendu eta egiturari jarraiki.
Poliziaren arabera, horrelako erakundeek egitura hierarkikoa, barne diziplina eta nortasun kolektibo sendoa izaten dituzte, eta gazteak erakartzen dituzte talde bateko partaide izateko sentimenduaren bidez. Taldeko kideek sare sozialak erabiltzen dituzte euren jardueraren berri emateko, eta kide berriak erakartzeko. Horrez gain, ikur, grafiti, tatuaje eta keinu bereizgarrien bidez adierazten dute taldearekiko lotura. Talde horietan adingabeak sartzen dituzte delitu jardueretan, haien erantzukizun penal txikiagoaz baliatuz.
Guardia Zibilak zabaldutako irudietan hainbat arma ageri dira, baina oharrean ez dute horren inguruko xehetasunik eskaini. Besteak beste, bi aizkora, bi pistola eta Kalaxnikov zahar bat. Aipatu ez badute ere, hedabideetara igorritako irudien izendapenari jarraiki, operazioari Vibranium izena eman diote, antza, Marvel unibertsoan agertzen den fikziozko elementu metaliko bati erreferentzia eginez.