Javier Hurtado izango da PSE-EEren Arabako Kongresurako hautagaia

Jon Hidalgo

Jaurlaritza utzi beharko du Hurtadok Kongresurako hautagai izateko. PSE-EE

PSE-EEk Javier Hurtado aukeratu du Espainiako Diputatuen Kongresurako Arabako hautagaitza gidatzeko, azaroaren 29ko hauteskunde orokorretara begira. Arabako sozialisten idazkari nagusia eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua da egun.

Arabako PSE-EEk Javier Hurtadoren aldeko apustua egin du Espainiako Kongresurako hautagai nagusi gisa. Sozialistek azaldu dutenez, hauteskundeok "erabakigarriak" izango dira Arabaren eta Euskadiren etorkizunerako, eta horregatik erabaki dute lehen lerroan jartzea alderdiaren lurraldeko buruzagi nagusia. Hurtado 2025etik da Arabako PSE-EEren idazkari nagusia, eta 2020tik Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu postua darama da Eusko Jaurlaritzan.

Madrilen jaioa, eta Zuzenbidean eta Zientzia Politikoetan lizentziaduna, Hurtadok ibilbide luzea egin du hainbat erakundetan. Espainiako Sustapen Ministerioan kabineteko zuzendari nagusi izan zen 2009 eta 2011 artean, eta ADIFen nahiz Estatuko Portuen zuzendaritza organoetan parte hartu zuen. Ondoren, abokatu gisa jardun zuen Gasteizen, eta 2019an Arabako Foru Aldundiko Errepide Azpiegituren eta Mugikortasunaren foru diputatu izendatu zuten. 2020an egin zuen jauzia Eusko Jaurlaritzara.

Alderditik nabarmendu dutenez, sailburu gisa pandemia garaian ostalaritza, turismo eta merkataritza sektoreentzako laguntza planak bultzatu zituen, eta azken urteetan turismo jasangarriaren eredua eta sektorearen nazioartekotzea sustatu ditu. Era berean, turismo ostatuen gaineko zerga garatu du, eta etxebizitza turistikoen arautzea eta turismo lege berriaren tramitazioa gidatu ditu. Merkataritzaren arloan, sektorearen modernizazioa eta digitalizazioa indartzeko politikak bultzatu ditu.

Hautagaitza berretsiz gero, Hurtadok Eusko Jaurlaritzako sailburu kargua utzi beharko du, kargu hori bateraezina baita hauteskunde orokorretarako hautagai izatearekin. Haren izendapenak, gainera, Imanol Pradales lehendakariaren gobernuaren lehen eraldaketa ekar dezake. PSE-EEk nabarmendu du Hurtadoren helburua izango dela Arabaren interesak Madrilen defendatzea eta lurraldearen ahotsa Kongresuan indartzea, azpiegitura, etxebizitza, enplegu eta babes sozialarekin lotutako erabakietan eragina izateko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago