Jon Nogales izango da PSE-EEren hautagaia Arabako ahaldun nagusi izateko

Jon Hidalgo

Nogalesek zortzi urte eman ditu jada Arabako Batzar Nagusietan. ALEA.

38 urteko politikari gasteiztarrak zortzi urte daramatza batzar nagusietan diputatu gisa. Egun Mugikortasun Iraunkorraren eta Bide Azpiegituren diputatua da aldundian.

Jon Nogales izango da PSE-EEren hautagaia Arabako ahaldun nagusi izateko. Egun Mugikortasun Iraunkorraren eta Bide Azpiegituren diputatua proposatuko dute sozialistek Ramiro Gonzalezen lekua hartzeko.

1988an Gasteizen jaioa, azken urteetan erakundeetako lehen lerroan aritu da Nogales. Zortzi urte daramatza aldundian diputatu gisa, eta azken legegintzaldian PSE-EEren bozeramailea izan da Arabako Batzar Nagusietan. Arabako Gazte Sozialisten idazkari nagusi gisa aritu zen 2009tik 2013ra, eta sektore pribatuan bost urtez jardun zuen aholkulari fiskal lanetan, politika instituzionalean ardura handiagoak hartu aurretik.

Azken legegintzaldian foru gobernuko Mugikortasun Iraunkorraren eta Bide Azpiegituren saila zuzendu du. Bere sailaren esku egon dira, besteak beste, Alavabus eta Eskualdeko Garraioaren sarearen berrantolaketa, linea eta maiztasun berriak martxan jartzea eta AP-68 autobidearen foru kudeaketarako prestaketa lanak. PSE-EEk foru gobernuan izan duen ordezkari nagusietako bat bihurtu da azken urteetan.

Gainerako alderdietako hautagaiei dagokienez, EAJk baieztatua du jada berriro ere Ramiro Gonzalez izango dela ahaldun nagusirako hautagaia, eta EH Bilduk Eva Lopez de Arroiabe aurkeztuko du. Podemosen primarietan, berriz, David Rodriguezek beharrezko babesak lortu ditu 2027ko hauteskundeetarako berriz hautagai izateko; PPk, aldiz, oraindik ez du ofizialki iragarri nork hartuko duen aurreko hauteskundeetan Iñaki Oiarzabalek bete zuen lekua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago