Kantari, oraingoan, Gasteiztik kanpo saltari

Juanma Gallego

Araba mailan, orain arte ikuskizuna Gasteizen baino ez da egin. ALEA

Añana, Mendialdea, Trebiñu eta Arabako Errioxan egingo da.

Urtez urte berritzen den ekimena da Kantari, baina, aurten bereziki, Araban ezustekoa erabatekoa izan da. Izan ere, antolatzaileen aspaldiko amets bat betetzeko lehen urratsa emango da oraingoan: lehen aldiz, ekimena Gasteiztik kanpo aterako da. Dagoeneko prestaketa lanean daude Añana, Arabako Errioxan, Mendialdean eta Trebiñun, eta gaztetxoak ere beren koreografiak txukuntzen ari dira.

Azken bi kuadrilla horietako ikasleek emango diote hasiera Kantari Arabari, bertako ikasleak urriaren 24an Kanpezuko kultur etxeko agertokira igoko direlako. Ondoren Añanaren txanda izango da, azaroaren 7an egingo dutelako bertako Kantari, Langraiz Okako gizarte etxean. Azkenak Arabako Errioxakoak izango dira: Oionen ariko dira (Guardia zegoen aurreikita hasieran), Antonio Mijangos aretoan, azaroaren 14an. Dagoeneko entseguetan ari dira gaztetxoak. 

Aitor Agiriano Kantariko arduraduna pozik agertu da Kantari hiriburutik kanpo eramateko aurten egongo den aukera dela eta. "Urte asko dira Kantari Gasteizen egiten dugula, urtero urtero, ikastetxeak bidelagun izanda. Horren bitartez, gaztetxoen artean euskara sustatzen ari gara, kultura transmisioaren alde eginez eta guraso zein gaztetxoak inplikatuz. Harreman horiek guztiak indartuz, funtsean". 

Hiriburutik jauzi

Gauzak hala, "indarra hartu duen proiektua denez", eta "aintzat izanda Araba hiriburua baino harago askoz gehiago dela", aurten aspalditik zuten ideia gauzatzeko moduan egongo dira. "Arabako Foru Aldundiak ere Kantari proiektuan interesa agertu zuenez, diputazioarekin eta kuadrillekin elkarlanean aritu gara. Hor ere garrantzitsua izan da, orain arte bezala, Vital Fundazioaren laguntza. Haiek ere proiektua aspalditik ezagutzen dute, besteak beste Gasteizko ikuskizunak askotan beren aretoetan egin ditugulako". 

Momentuz, daukaten asmoa da sei kuadrillatan ekimena txandaka egitea. "Hala, aurten hiru toki horietan egingo ditugu, baina asmoa da datorren urteko udazkenean beste hiru kuadrilletan egitea. Asmoa da bi urtean behin kuadrilla bakoitzean Kantari egon dadila", aurreratu du Agirianok.

Dena ondo atera dadin, dagoeneko lanean ari dira. Eskarmentu nahikoa dute beste eskualde askotan Kantari ikuskizunak egiten, baina, kasu honetan, lehenengo aldia denez, arduradunak aitortu du "makinaria martxan jartzea" beti kostatzen dela. "Proiektua ezagutzera eman behar da, eta ikastetxeetan aurrez aurreko bilerak egiten ari gara Kantari ezagutarazi eta martxan jartzeko".

Geografiaren erronka

Ohiko erronkei landa eremuko berezitasunak gehitu behar zaizkie. "Errealitateak desberdinak dira. Adibidez, Gasteizen gaztetxo pila bat dago Lehen Hezkuntzan, baina kuadrilletan desberdina da egoera; baita kuadrilla batetik bestera ere, noski. Egon garen ikastetxeetan ikusi dugu Lehen Hezkuntzan dagoen haur kopurua ez dela Gasteizko ikastetxeetan dagoena bezain bestekoa, eta distantziak ere handiak dira, adibidez, entseguak antolatzeko". Demografiak ere pisua izan du Mendialdea eta Trebiñu bateratzeko erabakian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago