Gorka Urtaran izango da EAJren Arabako hautagaia Espainiako Kongresurako

Jon Hidalgo

Alkate izan ostean Gizarte Politiken ardura izan du Urtaranek aldundian. AFA

Gasteizko alkate ohia izango da Arabako zerrendaburu EAJn azaroaren 29ko Espainiako hauteskunde orokorretan. Senaturako, berriz, Saray Zarate proposatu dute. Gasteizko Udalean ere aldaketak eman dira jeltzaleen artean, Iker Gonzalez de Garibai zinegotzi berria sartuta.

EAJren Euskadi Buru Batzarrak Gorka Urtaran proposatu du Arabatik Espainiako Diputatuen Kongresurako hautagai nagusi gisa azaroaren 29ko hauteskunde orokorretarako. Urtaran Gasteizko alkate izan zen 2015etik 2023ra bitartean, eta gaur egun Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatu da.

Arabak lau eserleku ditu jokoan Kongresuan, eta inkestek diotenez, aukera asko ditu Urtaranek horietako bat eskuratzeko. Hautatua izango balitz, Gasteizko alkate izan ostean Espainiako Kongresuan diputatu izan diren agintarien zerrendara batuko litzateke, Jose Angel Cuerda, Alfonso Alonso eta Javier Marotoren atzetik.

Hautagaitza oraindik ez da behin betikoa. EAJren afiliatuek eta lurralde batzarrek berretsi beharko dute alderdiaren proposamena datozen egunetan, eta azken erabakia urriaren 17an hartuko dute Batzar Nazionalean.

Aldi berean, EAJk Saray Zarate proposatu du Arabatik Senaturako hautagai gisa. Zarate egun Garapen Ekonomikoaren eta Jasangarritasunaren foru diputatua da Ramiro Gonzalezen gobernuan.

Aldaketak Gasteizko Udaleko talde jeltzalean

Beatriz Artolazabalek udala utzi ostean, EAJk berrantolatu egin du bere udal taldea. Zinegotzi berri gisa sartu da Iker Gonzalez de Garibai, kazetaria eta azken urteotan entrenatzaile eta aholkulari gisa aritu den profesionala.

Hala ere, Artolazabalen sail nagusia ez du berak gidatuko. Miren Fernandez de Landak hartuko du Espazio Publikoaren eta Auzoen Saila. Lehendik landa eremuaren ardura izan du, eta alderdiaren esanetan gertutik ezagutzen du arloa.

Bestalde, Izaskun Reyesek bere gain hartuko ditu Trafiko Zerbitzua, Autobus Geltokiaren kudeaketa eta Mugikortasunaren Kudeaketa Unitatea, TUVISAko presidente gisa egiten duen lanarekin koordinazioa indartzeko helburua azaldu du alderdiak.

Horrenbestez, honela geratuko dira EAJren Gasteizko Udaleko ardurak:

Sonia Diaz de Corcuera: lehen alkateordea eta Kultura eta Hezkuntzako zinegotzia.
Miren Fernandez de Landa: Espazio Publikoa, Auzoak eta Mugikortasuna; Gobernu Irekia, Gizarte Etxeak eta Landa Eremua.
Cesar Fernandez de Landa: Segurtasuna.
Lucho Royero: Gizarte Politikak.
Izaskun Reyes: Udal Administrazioa eta Mantentzea, Trafikoa, TUVISA, Autobus Geltokia eta Mugikortasunaren Kudeaketa Unitatea.
Iker Gonzalez de Garibai: udal taldeko zinegotzi berria.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago