Lehortearen aukako laguntza lerroa abiatu dute

Juanma Gallego

Lehorteak ustiategien egoera larritu du. JUANMA GALLEGO / ALEA

Aldundiak ia bi milioi euroko diru laguntza berezia banatuko du lehen sektoreko bostehun onuradunen baino gehiagoren artean.

Aldundiak 1.950.000 euroko aparteko laguntza deialdia iragarri du, lehorteak nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietan eragindako ondorioak arindu nahian. Nekazaritzarako lerroa 700.000 euro ingurukoa izango da, eta abeltzaintzarakoa, 1.300.000 euro ingurukoa. Aurreratu dutenez, ustiategi bakoitzeko laguntza gutxienez 300 eurokoa izango da, eta 15.000 eurokoa gehienez.

Noemi Agirre Nekazaritzako foru diputatuak nekazaritzako sindikatuen eta lehen sektoreko elkarteen ordezkariekin egindako bilkura baten ondoren egin du iragarpena. Aldundiak esku artean dituen kalkuluen arabera, 568 espediente izango dira laguntza hauen onuradun. Lehorteak "aparteko erantzuna" eskatzen duela esan du diputatuak. "Proposamena zuzenean partekatu nahi genuen sektorearekin, eta baliabideak nola banatuko diren gardentasunez azaldu", esan du Agirrek. Azken asteotan sindikatuek protesta egin dute, lehorteak beren egoera zaildu duelako. Diputatuak onartu du kopuruak ezingo dituela lehorteak eragindako kalte guztiak konpentsatu, "baina ehunka ustiategirentzako babes ekonomiko garrantzitsua" direla.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago